Itxi

Hezkuntza

EAEko ikastetxeek plazak gorde beharko dituzte ikasle "zaurgarrienentzat"

EITB Media

Leer en Castellano

Hezkuntza Sailak EAEko ikastetxeei bidalitako gutun batean zehaztuta dagoenez, plazen erreserba hori hurrengo ikasturtean hasiko dira ezartzen Haur Hezkuntzan, ikasleen bereizketa saihesteko.

Argazkia: EFE

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxe publikoek eta itunpekoek plazak gorde beharko dituzte "hezkuntza-laguntza premiak" dituzten ikasleentzat, ikasle horiek arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste batzuengatik bereiztea saihesteko.

Hezkuntza Sailak eskoletako zuzendariei igorritako gutun batean azaldu duenez, plazen erreserba hori hurrengo ikasturtean hasiko dira ezartzen Haur Hezkuntzan, eta ikastetxearen eragin eremuko Zaurgarritasun Indizearen arabera zehaztuko dute.

Halaber, eskaintzaren planifikazioa eta onartzeko prozesua arautzen duten mekanismoek aniztasuna eta zaurgarritasuna modu orekatuan banatu behar dute funts publikoekin finantzatutako ikastetxe publiko guztien artean, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste batzuengatik bereiztea ekiditeko.

Hain zuzen ere, gutunean islatuta dagoenez, honako berariazko premia hauek hartuko dituzte kontutan:

- Heldutasun-atzerapenak eragindakoak.

- Hizkuntzaren eta komunikazioaren garapenaren nahasmenduek eragindakoak.

- Arretaren edo ikaskuntzaren nahasmenduek eragindakoak.

- Ikaskuntzako hizkuntza modu larrian ez ezagutzeak eragindakoak.

- Zaurgarritasun sozio-edukatiboko egoerek eragindakoak.

- Gaitasun intelektual handiek eragindakoak.

- Hezkuntza-sisteman berandu sartu izanak eragindakoak.

- Egoera pertsonalak edo eskola-historiako egoerek eragindakoak.