Itxi

Baso-suteak

Bi sute txiki Araban, alerta amaitu ostean itzalitako azkenak

eitb media

Leer en Castellano

Suhiltzaileek ordu gutxi behar izan dituzte Aialako eta Mañuetako suteak itzaltzeko. Tenperaturaren beherakadak alerta maila abisu-horira jaistea eta murrizketak etetea ahalbidetu dute.

Suhiltzaile bat lanean, Bizkaian. Argazkia: Efe

Gauerdian amaitu da baso-sute arriskuagatik aste honetan indarrean egon den alerta laranja. Hego-haize gogorragatik, tenperatura altuagatik eta landaredi eta lurraren egoera lehorragatik zegoen indarrean alerta, baina gaurtik aurrera tenperaturak behera egitea eta euri pixka bat botatzea espero da.

Aste gogorra izan da suhiltzaileentzat, baso-sute ugari itzali behar izan dituzte, bereziki Bizkaian.

Hala ere, bart izandako azken suteak Araban izan dira. Aialan, Maroño urtegitik gertu, sute bat piztu zen atzo 20:45 aldera, eta guztiz itzaltzea lortu zuten goizaldeko ordu bata aldera.

Bestalde, Mañuetan suhiltzaileak gogor aritu dira lanean goizaldean mendian piztutako sute bat itzaltzeko. 05:00etan lortu dute garrak erabat itzaltzea, eta futbol zelai baten tamainako saila geratu da kiskalita.

Atzo arratsaldean, berriz, Gorbeia mendiaren inguruan eguerdian piztutako baso-sute bat itzaldu zuten, Zarate inguruan, Zuia udalerrian. Azkenean hektarea bat kiskali zen

Gainera, epaileak aske utzi du atzo Eibarko pinudi batean piztutako sutearekin lotuta atxilotu zuten gaztea. Zenbait baserriren artean dago sutea piztu zen pinudia, eta badaezpada ere, sutetik gertu dauden gutxienez bi baserritako bizilagunak atera egin zituzten.

Azkenik, gogoratu behar da ostiralean Berangon izan zen sute handiaren ostean, atzo berpiztutako bi sute txiki itzali zituztela guardiako suhiltzaileek.

Alertaren amaiera

Eusko Jaurlaritzak baso-sute arriskuagatik Kantauri isurialdean ezarri zuen alerta laranja eta murrizketak bertan behera geratu dira bart, gauerdian. Eguraldia freskatu egingo dela eta euri pixka bat ere botako duela aurreikusi dute.

Baso-sutea Zugaztietan. Argazkia: Efe

Eguraldiaren iragarpena

Alerta laranjatik abisu horira jaitsi da baso-suteen arrisku maila, igande honetan tenperaturak jaistea eta haizea ahultzea espero baita.

Gaur tenperatura asko jaitsiko da ipar partean eta fronte batek euria ekarriko digu bueltan. Tenperatura maximoak 20-22 ºC ingurukoak izango dira oro har. Bestalde, zerua nahiko hodeitsu egongo da, eta fronteak euria utziko digu, gehienbat zaparrada moduan, bereziki arratsaldean; orduan, zaparradak mardulagoak eta trumoitsuak izan daitezke zenbait lekutan. Ebro ibarrean behe-hodeiak eta lainoa agertuko dira. Hego-haizea atzo baino ahulago ibiliko da, baina haizeguneetan bolada oso gogorrak izan daitezke oraindik. Kostaldean haizea iparraldetik finkatuko da. Tenperatura minimoak iparraldeko zenbait puntutan egunaren amaieran neurtuko dira.

Fronte berri bat iritsiko zaigu astelehenean, eta haizea zakartu egingo da. Iluntze partera arte haizeak hegoaldetik joko du, eta zakartzen joango da; haizeguneetan ufada oso gogor batzuk izango ditu. Iluntze partean haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du kostaldean eta zakar ibiliko da. Hego-haizearen eraginez tenperatura maximoek koska bat egingo dute gora Kantauri isurialdean.

Asteartean eguraldia lasaiagoa izango da. Hala ere, goizaldean eta goizean goiz zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da oraindik toki askotan eta ipar partean euri apur bat egingo du, kostaldean eta ekialdean bereziki. Goizak aurrera egin ahala, eta batez ere arratsaldean zeruan urdina nagusitzen joango da, soilik goi-hodei batzuekin. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, Iparraldekoa nagusituz. Tenperatura maximoek astelehenean irabazitako guztia galduko dute.

Nafarroa

Nafarroako suhiltzaileek lan gogorra izan dute azken orduetan baso-suteak kontrolatzeko.

Ostiralean sutea piztu zen Eneritz eta Muruzabal arteko baso inguru batean, Montemotxan, baina ordu batzuetara kontrolatzea lortu zuten.

Gainera, baso-suteak itzaltzera joan behar izan zuten Ablitasera, Melidara, Murchantera eta Luzaidera.

Azken horretan, gainera, berpiztu egin zen sua atzo goizean, eta iristeko zaila den inguru bat denez, kostatu egin zitzaien erabat itzaltzea. Era berean, Luzaide inguruko Donejakue bidearen zati bat moztu egin zuten badaezpada ere, kearekin erromesak galdu ez daitezen.

Albisteak (3)