iragarpena
Udazken giroa berreskuratuko dugu Domu Santu zubian
i.l.k. | eitb media
Astea euritik abiatuko da eta, hodeitsu mantenduko den arren, asteartetik aurrera atertzea espero da. Tenperatura, berriz, balio epeletan geldituko da maximoetan, minimoak freskoak izango badira ere.
Asteburu hasierako giro udatiarra atzean utzita, igandeko eguraldiaren ildotik hasiko da astea, hodeiak eta euria nagusi. Dena den, asteartetik aurrera litekeena da zerua arinki garbitzea, eta ateri eutsiko dio hurrengo egunetan ere, tenperatura maximoak epel mantenduko direlarik.
Euskalmet Meteorologia Agentziak igorritako iragarpenaren arabera, fronte berri bat iritsiko zaigu astelehenean, eta haizea zakartu egingo da. Iluntze partera arte haizeak hegoaldetik joko du, eta zakartzen joango da; haizeguneetan ufada oso gogor batzuk izango ditu.
Iluntze partean haizeak mendebaldera zein ipar mendebaldera egingo du kostaldean, eta zakar ibiliko da. Hego haizearen eraginez, tenperatura maximoek koska bat egingo dute gora Kantauri isurialdean.
Hala, tenperaturarik altuenak 24 ºCra iritsiko dira Baionan eta 23 ºCra Iruñean. Donostian, berriz, 22 ºCkoak izango dira maximoak, 21 ºCkoak Bilbon eta 20 ºCkoak Gasteizen.
Asteartean eguraldia lasaiagoa izango da. Hala ere, goizaldean eta goizean goiz zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da oraindik toki askotan. Ipar partean, euri apur bat egingo du, kostaldean eta ekialdean bereziki.
Goizak aurrera egin ahala, eta arratsaldean batez ere, zeruan urdina nagusitzen joango da, soilik goi hodei batzuekin. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, Iparraldekoa nagusituz.
Tenperatura maximoei dagokienez, astelehenean irabazitako guztia galduko dute, baina 20 graduren bueltan mantenduko dira edonola ere. Hain zuzen ere, 21 ºCra iritsi litezke Baionan, eta 20 ºCra, Bilbon eta Iruñean. Gasteiz eta Donostiaren kasuan, hainbeste igo ez eta 19 ºCren inguruan geldituko dira.
Uneoro, eguraldiari buruzko informazio gaurkotua kontsulta dezakezu eitb.eus-en, edo zure argazkiak bidali.