Itxi

bizkaia

Gaztelugatxetik Bermeorako oinezkoen bidearen lehen fasea onartu dute

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Proiektuaren lehen fase horrek 707.800 euroko aurrekontua eta zortzi hilabeteko gauzatze epea izango ditu.

Gaztelugatxeko Doniene, Bermeon (Bizkaia). Argazkia: Tamara Garcia Mosquera

Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxe eta Bermeoko herrigunea lotuko dituen oinezkoentzako bidearen lehen fasea eraikitzeko proiektua onartu du.

Lehenengo fase horrek Lurgorri eta Erleko Puntako Begiratokiaren arteko tartea hartzen du, eta Madariaga errekaren ibarbidea libratzeko pasabide bat sortuko dute.  Proiektuak 707.800 euroko aurrekontua eta zortzi hilabeteko gauzatze epea ditu.

Oinezkoentzako bide horren lehen fasea lehendik ere dauden pistetatik igaroko da, eta BI-4203 errepidearen parean egongo da zati batean. Errepide hori Ermualdeko Askaldegian hasten da, Matxitxako itsasargitik igaro, eta Erleko Puntako Begiratokiraino iristen da.

Proiektuak Erleko Puntako Begiratokia ere hartzen du barne. Puntu horretan, BI-3101 errepidearen zabaleratik bereizten duen horma eraitsiko dute, eta eremu horretan dagoen desnibela gainditu, bi metroko zabalerako arrapala bat sortuz.

Erabiltzaileek bide horren ibilbidean zehar orientatzeko aukera izan dezaten, bideko bi noranzkoetan orientazio geziak dituzten zutoinak ezarriko dituzte, Bakiotik Matxitxakoko itsasargiraino erabiltzen den eredu berdina erabiliz.