Itxi

ERREGISTROA

Euskaltzaindia prest dago Haziaren familiari laguntzeko txosten bat idazteko

EITB Media

Euskararen Akademiak ez du eragozpenik ikusten jaioberri bati Hazia izena jartzeko.

Hazia

Euskaltzaindia prest agertu da txosten bat idazteko alaba Hazia izenarekin erregistratu nahi duen Gasteizko familiari laguntzeko. Berriki, Gasteizko epaile batek galarazi egin die alaba jaioberria Hazia izenarekin erregistratzea, gutxiesgarria delakoan. Horren ordez, epaileak latinezko Zia izenarekin erregistratu du.

Hazia auziaren harira, oharra kaleratu du gaur Euskaltzaindiak. Euskararen Akademiak azaldu duenez, Hazia izenari buruzko azalpenak eman zizkien gurasoei, beraiek horrela eskatuta. Euskaltzaindiak ez du eragozpenik ikusten hizkuntza aldetik haurrari Hazia izena jartzeko, "izen arrunt batetik eratorritako beste izen batzuekin (Amets, Haizea, Lizar, Nahia, Zeru, Zuhaitz, etab.) gertatzen den moduan".

Akademiak gogoratu du tarteka horrelakoak gertatzen dira erregistro zibiletan, "bereziki, izenari atxikitako generoa dela eta". Testuinguru horretan gogoratu du 2018an  malgutasunez jokatzeko eskatu ziola Espainiako Justizia Ministerioari generoari lotutako kasuetan, horren esanetan, "hortxe suertatzen baitira arazorik gehienak".