Itxi

HEZKUNTZA LEGEA

Euskal Eskola Publikoaz Harroren manifestazioa gaur Bilbon, publikoaren alde eta hezkuntza legearen aurka

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ikasleen sindikatuek, familien eta irakasleen elkarteek eta LAB, Steilas, CCOO eta ESK sindikatuek osatzen duten plataformak sare publikoa zabaltzea, eskola pribatuen ituna murriztea, auditoriak areagotzea eta publifikazioa ahalbidetzea eskatzen du.

Haurrak, ikastetxe batera sartzeko zain. Artxiboko irudia: EFE

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea osatzen duten eragileek manifestazioa deitu dute gaurko Bilbon. Hezkuntza lege berrian eskola publikoa hezkuntza sistemaren benetako ardatz gisa hartzen ez dela uste dute, eta protesta kalera aterako dute. EEPH Topaguneak sare publikoa zabaltzea, eskola pribatuen ituntzea murriztea, auditoriak areagotzea eta publifikazioa ahalbidetzea babesten du.

Ikasleen sindikatuek, familien eta irakasleen elkarteek eta LAB, Steilas, CCOO eta ESK sindikatuek osatzen duten plataformaren arabera, euskal hezkuntza legearen aurreproiektuak "ez die erantzun egokirik ematen" eskola publikoaren beharrei, nahiz eta horren aldeko "adierazpen batzuk" jasotzen dituen.

ELA sindikatuak, bere aldetik, iragarria du deialdiarekin bat egingo duela, "ez datorrelako bat lege aurreproiektuarekin". Hala, alegazioak aurkeztu ditu "egungo hezkuntza sistemari aurre egin, eta euskal eskola publiko burujabea eta lan baldintza egokiak dituena eraikitzeko".

EEPH Topagunearentzat, Hezkuntza Saila "etengabe ari da azken hilabeteetan sare pribatuaren aldeko neurriak hartzen, dekretuen eta aginduen bidez". Esate baterako, datozen sei urteetarako egungo itunak luzatzea, jaiotza-tasaren beherakadaren ondorioz ikasle kopurua murriztuko dela aurreikusi arren.

Gainera, eragileek salatu dutenez, "zirriborroak murriztu egiten du itunpeko ikastetxe pribatuetan talde edo gela bat osatzeko gutxieneko ratioa", eta horrek, ikastetxe publiko askoren bat-egitea eta/edo desagertzea ekar lezake; ituntze-moduluak handitu ditu, itunpeko ikastetxeen finantzaketa ekonomikoki handituz, eta 2 urteko gelak ituntze sistemaren barruan sartu ditu", adierazi du.

Halaber, "hezkuntzari buruzko legearen zirriborroak Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa izeneko kontzeptu berri bat sortzen du, ikastetxe publikoen eta itunpeko pribatuen bidezkoa, eta, beraz, finantzazio bera dagokie bi ikastetxe mota horiei. Horrek argi adierazten du —esan du— ez dela erraztuko eskola publikoaren hazkundea, eta ez zaiola lehentasunezko traturik emango".

Ikasgela. Argazkia: EITB

Bestalde, LABek irakaskuntzako eta gainerako sektoreetako langileak protestan parte hartzera animatu ditu. Sindikatuaren iritziz, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege zirriborroak ez ditu eskola publikoaren "beharrak asetzen". Salatu duenez, "hamarkadak dira Jaurlaritzak utzikeriaz jokatzen duela, eta eskola publikoari zor zaiona emateko garaia da, eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz gisa indartzeko unea da".

Azpimarratu duenez, "ekintza sindikalari esker" lortu zen eskola publikoetarako irakasle gehiago kontratatzea aurreko ikasturtean, eta "Haurreskolak Partzuergoko lanpostuei eustea lortu zen". Horrekin batera, zentroei "baliabide eta eskumen gehiago" ematea eskatzen du sindikatuak. 

LABek uste du lege zirriborroan ez dela zehazten "zein baldintza (doakotasuna, euskalduntzea, inklusioa, hezkuntza partekatua eta laikotasuna) bete behar dituzten itunpeko ikastetxeek, horiek kontrolatzeko mekanismoa zein izango den, eta betebehearrak urratzen dituztenekin zein neurri hartuko duten".

Sindikatuaren esanetan, Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren sorkuntza urrats garrantzitsua izan daiteke "sare publiko bakarra" edukitzeko bidean, "zentro guztiei eskubide eta betebehar berberak ematen dizkien heinean". Baina, LABen aburuz, "argi" ikusten da EAJk ez duela "horrelako bilakaera baterako inolako asmorik, hezkuntza sistema duala betikotzen saiatzen ari baita zerbitzu publikoetan bere ikuspegi neoliberala txertatuz".

Albisteak (1)