Itxi

Kantabriako Auzitegia

Castroko hilketaren akusatuak ukatu egin du bere lagunari garezurra eman izana

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Akusazio partikularrak uste du froga nahikoak daudela Carmen Merinoren aurka. Gaur hasi da haren kontrako ahozko epaiketa Jesus Mari Baranda 67 urteko bizkaitarraren hilketagatik. Biktimaren garezurra kutxa batean gordeta eman zion lagun bati.

Akusatua Santanderreko Auzitegira iristen. Argazkia: EFE.

Carmen Merino, 2019an bikotekidea (67 urteko bizkaitarra) hil izana leporatzen dioten emakumea bere abokatuaren aurrean deklaratzen hasi da. Biktimaren garezurra kutxa batean gordeta eman zion lagun bati, Castro Urdialesen, bikotea bizi zen tokian. Haren aurkako epaiketan, lagunari garezurra eman izana ukatu du, eta azpimarratu du nezeser bat besterik ez ziola eman, sexu jostailuekin.

Gainera, ukatu egin du interneten "zenbat denbora irauten du gorpuzki batek usteltzen" bilatu izana, baita balizko herentzia bat kobratzeari buruzko galderarik bilatu izana ere. Era berean, adierazi du garezurra topatu zuen lagunak eta biktimaren anaiak bere etxerako eta bere ordenagailurako sarbidea zutela.

Ia ordubete eman du Merinok haren abokatuaren galderei erantzuten. Izan ere, esan du ez dela ez Fiskaltzaz ez akusazio partikularraz "fio".

Atariko izapideen ondoren, gaurko saioa akusatuaren deklarazioarekin hasi da. Datozen egunetan, 8an, 9an eta 10ean, Fiskaltzak, akusazioak eta defentsak proposatutako lekukoek deklaratuko dute. Epaiketa hamar saiotan egingo dute azaroaren 18ra arte, Kantabriako Probintzia Auzitegiko Hirugarren Sekzioan.

Akusatuak 64 urte ditu orain, eta Sevillan jaio zen. Duela urte batzuk, Castro Urdialesera (Kantabria) joan zen bizitzera. Han ezagutu zuen Jesus Mari, 67 urteko banku langile ohia. Biktimak Bilbon, Balmasedan eta Laudion lan egin zuen.

Apirilean Jesus Mari desagertu ondoren, irailean, Carmenen lagun batek Guardia Zibilari jakinarazi zion kirats handia ateratzen zela emakumeak etxera eraman zion kutxa batetik.

Lagun horrek bere etxera hurbildu ziren poliziei aitortu zien Carmen Merinok esan ziola kutxan jostailu sexualak zeudela, eta etxetik atera nahi zituela, Guardia Zibilak miatu egin behar zuelako bikotekidea desagertu zenean.

Agenteek kutxa ireki zutenean, hilabete batzuk lehenago desagertutako gizonaren garezurra aurkitu zuten barruan.

Haren bikotekidea biharamunean atxilotu zuten, eta ordutik, behin-behineko espetxealdian dago Santoñako El Dueso espetxean, eta behin baino gehiagotan uko egin dio epailearen aurrean deklaratzeari.

"Interes ekonomikoak bultzatuta"

Fiskaltzak 25 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat, eta uste du Carmen Merinok "interes ekonomikoak mugituta" antolatu zuela bikotekidea hiltzeko plana.

Gaineratu duenez, krimena etxe barruan egiteko prestatu zuen, lekukorik egon ez zedin, eta gizonari lasaigarri bat eman zion lokartzeko.

Halaber, Fiskaltzak 20.000 euroko kalte-ordaina eskatu du biktimaren lau seniderentzat (bi seme-alabak, anaia eta lehengusua), kalte moralengatik.

Akusazio partikularra, gizonaren bi semeak ordezkatzen dituena, bat dator Fiskaltzaren zigor eskaerarekin. Erantzukizun zibil gisa, 70.000 euroko kalte-ordaina eskatu du.

Defentsak, aldiz, akusatuaren absoluzioa eskatu du, deliturik egin ez duela iritzita.

Albisteak (1)