Osakidetza
Basurtuko Bihotzeko Kirurgia Zerbitzua Gurutzetara eramateko erabakia geldiarazi du epaitegi batek
Agencias | EITB Media
Ebazpenaren aurka helegitea aurkezteko aukerarik ez dago. Basurtu Birizik plataforma pozik agertu da epailearen erabakiarekin, baina "zuhurrak dira, eta ez dute oraingoz ospatuko". Bestalde, Osasun Sailak eta Osakidetzako Zuzendaritzak "harriduraz" hartu dute ebazpena.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Basurtuko Ospitaleko (Bilbo) Bihotzeko Kirurgia Zerbitzua ixtea eta bertako langileak Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo) eramateko agindua geldiarazi du epaitegi batek. Ebazpen horren aurka ezin da helegiterik aurkeztu.
Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak eman du erabakiaren berri. Basurtuko Kardiologia medikuek eskatuta hartutako erabakiarekin, Osakidetzak itxiera eta lekualdaketa azaroaren 17an aurrera eramateko aginduaren aurka egin du epaitegiak.
"Premiazko eta kautelazko etete" hori indarrean egongo da auziaren inguruko erabakia hartzen den bitartean. Hala egin ezean, "kalte konponezinak egongo lirateke errekurtsoa jarri dutenentzat, baita hirugarrenentzat (pazienteak) ere".
Argudiatzen denez, zerbitzua "itxi eta desegiten bada, izateari uzten zaio" eta azkenean, epaia irmo bilakatzen bada, "zerotik berriro martxan jartzea ezinezkoa izango da".
"Egoera juridiko itzulezinak sortuko lirateke, eta epaia ez litzateke eraginkorra izango", adierazi da.
Kautelazko neurri hori gabe, auzi-jartzaileen aldeko etorkizuneko epaiak aipatutako zerbitzuaren irakaskuntza-eskaintzari eta ikerketa-lanei ere eragingo lieke, eta kalte hori "ekonomikoki konponezina izango litzateke".
Ebazpenak pazienteentzako "kalteak" ere hartzen ditu kontuan, eta Espainiako Kardiologia Elkartea aipatzen du. Elkarte horrek ondorioztatu du bihotzeko paziente gehiago hiltzen direla bihotzeko kirurgia zerbitzurik gabeko zentroetan ospitaleratzen dituztenean.
Basurtu Birizik plataforma pozik agertu da epailearen erabakiarekin, baina "zuhurrak dira, eta ez dute oraingoz ospatuko", "auzi judiziala ebatzi arte kautelazko etenaldia delako".
Javier Rekondo Kardiologia Zerbitzuko mediku laguntzaile eta plataformako ordezkariak adierazi duenez, ebazpenak "pozez bete ditu", izan ere, "arrazoia izateko, eskariari bidea emateko eta kirurgiaren lekualdatzea behin betiko gelditzeko aukera onartzen du".
Hala ere, "zuhurrak" direla errepikatu du, "berez, kautelazko geldialdia delako, auzi judiziala ebatzi arte". "Hori besterik ez du esan nahi, pozik gaude eskaera hasieran atzera bota ez dutelako, baina ez dugu ospatuko, kautelazko etena delako eta orain auzia ebatzi beharko delako", aitortu du.
Bestalde, Osasun Sailak eta Osakidetzako Zuzendaritzak "harriduraz" hartu dute ebazpena.
Lehenik eta behin, "epaitegiak funtsezko gaiak zehaztu ditu zerbitzu hori, asistentzia-kudeaketako gai bat, lekualdatzeko premiari buruz. Gai hori, hain zuzen ere, Sailari eta Osakidetzari dagokie, Euskadiko osasun sistema osatzen duten zerbitzuen bidezko osasun-prestazioaren bermatzaile diren aldetik, botere exekutiboaren eskumen esklusiboa baita", argudiatu dute ohar batean. Bigarrenik, ezin delako errekurtsorik jarri.
Osasun Sailak argitu duenez, "bihotzeko kirurgia ez da desagertzen, ezta ixten ere". Osakidetzak epaitegian aurkeztuko ditu alegazioak, "erabaki horren zergatia argudiatzeko eta hura lortzeko emandako urratsak azaltzeko, epaileak aintzat hartu arte".