Itxi

Astronomia

Ikertzaile talde batek, EHUren parte-hartzearekin, unibertso urruneko supernoba baten hiru irudi lortu ditu

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Nazioarteko ikertzaile taldeak galaxiaren grabitazio-eremuaren eredu bat garatu zuen, lente gisa balio izan zuena. Supernobaren irudiak Hubble Espazio Teleskopioarekin hartu ziren.

Tom Broadhurst EHUko eta Ikerbasqueko aditua. Irudia: Ikerbasque

Nazioarteko ikertzaile talde batek, Tom Broadhurst Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ikerbasqueko aditua tartean, urruneko unibertsoko supernoba baten hiru irudi lortu ditu, bakoitza, kolore desberdin batean. Supernobaren irudiok Hubble Espazio Teleskopioarekin hartu ziren.

Euskal Herriko Unibertsitateak azaldu duenez, Nature aldizkari entzutetsuan argitaratu dute ikerketa. Galaxiaren grabitazio eremuaren eredu bat garatu zuen ikertzaile taldeak, lente gisa balio izan zuena, eta horrela zehaztu ahal izan zen argiak "hiru bide desberdin zeharkatu zituela, egun gutxi batzuetan distantzian ezberdinak direnak".

Horrek irudietan lortutako hiru koloreak azaltzen ditu; izan ere, "supernobaren gasa hedatu eta hoztu ahala, igorritako kolorea aldatu egiten da".

"Zenbat eta tenperatura altuagoa izan, orduan eta argi urdinagoa igortzen da, eta, tenperaturak behera egin ahala, gorrira jotzen du. Horrela, irudi urdina supernobaren argazki bat da, izar-leherketa gertatu eta ordu gutxira; irudi berdea eta gorria, berriz, eztandaren ondorengo 2. eta 8. egunei dagozkie, hurrenez hurren", zehaztu du.

Informazio horri esker, eztanda egin zuen izarraren tamaina zehaztu ahal izan zen, supererraldoi gorri bat, Eguzkiarena baino 500 aldiz handiagoa den eremua duena, eta duela 11.500 milioi urte lehertu zena, Lurra jaio baino askoz lehenago, hain zuzen ere, gure galaxia sortu zela uste den unean.