Itxi

Irulegiko eskua

Baskoien hizkuntzan idatzitako testu zaharrena aurkitu dute, duela 2.100 urtekoa: "Sorioneku"

I. R. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Iberiarren sistema grafikoa moldatuta, bost hitz idatzita dituen esku formako brontzezko xafla bat aurkitu zuten iaz Aranzadiko arkeologoek Irulegin, Burdin Aroko herrixkaren aztarnategian (Nafarroa). Hala, adituek ondorioztatu dute baskoiak alfabetatuta zeudela eta idazketa lantzen zutela.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek baskoien hizkuntzan idatzitako duela 2.100 urteko brontzezko xafla bat aurkitu dute Irulegin, Burdin Aroko herrixka baten aztarnategian. Hala, testu hori gaur egungo euskararen aurrekaria den idazkirik zaharrena litzateke.

INTERESEKOA: Irulegiko aztarnategia, Kristo aurretik I. mendeko irudi "izoztua"

Hala jakinarazi dute ikerketaren arduradunek, Iruñetik gertu dagoen Arangurengo bailaran egindako azterketen emaitzak publiko eginda. Mattin Aiestaran Aranzadiko arkeologo eta Irulegiko aztarnategiko zuzendariak azpimarratu du aurkikuntza horrekin argi gelditu dela baskoiak alfabetatuta zeudela, "iberiar penintsulako garai hartako herri asko bezala".

Adituak dioenez, Aranzadiko filologoek hamarkadak zeramatzaten Burdin Aroko baskoiek idazketa sistemaren bat zutela pentsatzen, "baina susmoa besterik ez zen". Orain, aurkikuntza horrekin, hipotesi hori egiaztatzeko aurrerapauso sendoa eman dutela ondorioztatu du. "Iberiarren sistema grafikoa hartu, moldatu, eta euren hizkuntzan idazten zuten. Ez da gaur egungo euskara, baskoiera deitzen zaion hori baizik, euskararen aurrekaria, duela 2.100 urtekoa, hain zuzen".

Esku formako brontzezko xafla horretan bost hitz atzeman dituzte Javier Velaza Bartzelonako Unibertsitateko epigrafian adituak eta Joaquin Gorrochategui linguistak, eta horietatik bakarra deszifratu edo itzuli ahal izan dute: "Sorioneku (Zorioneko)".

Kontuak horrela, aztarnategiko zuzendariak uste du testu "oso berezi" baten aurrean daudela, pieza horrek Burdin Aro amaierako baskoi haien sinesmenei eta hizkuntzari buruzko informazioa ematen duelako. "Beraz, badira bi afera immaterial oso bereziak direnak arkeologiarako; egiazki, seriotasunez hitz egiteko aurkikuntza baten aurrean gaude".

Aranzadi 2007tik dabil Irulegiko inguru horietan lanean, historiako hainbat fase kronologiko topa daitezkeelako bertan. Hasieran, 10 urtez, tokiko gaztelua aztertzen ibili ziren, Erdi Arokoa, eta, 2018tik aurrera, Burdin Aroko herrixka-gotorleku batean ari dira indusketak egiten.

Brontzezko xafla 2021eko ekainaren 18an aurkitu zuten, ustekabean, eta momentuan ez zioten berebiziko garrantzirik eman, "ez genuelako deus idatzita ikusi, ez genuelako garbitu, Nafarroako Gobernuak halaxe jokatzeko eskatzen digulako, eta, horrela, biltegi arkeologikora bideratu genuen aurkikuntza, bertan azter zezaten", Aiestaranek dioenez.

Leire Malkorrak, arkitektoa ogibidez eta Aranzadiko boluntarioak, aurkitu zuen Irulegiko indusketa lanetan brontzezko xafla. Dioenez, artefaktua aurkitu zutenean, lurra eta sedimentuak kendu barik, Nafarroako Gobernuko Zaharberritze Arlora bideratu zuten bertan azter zezaten. Une horretan, ez zekien zer zuen eskuartean, baina, aurtengo urtarrilean horren berri izan zuenean, "inpresioa" hartu zuen, eta uste du oraindik "altxor" gehiago aurkitzeko aukera dagoela Irulegiko aztarnategian.

Laborategiko azterketak egin ondoren, 2022ko urtarrilaren 18an, zerbait idatzita zegoela atzeman zuten, eta, hori aztertzeko, Velaza eta Gorrochategui adituak gonbidatu zituzten, aurkikuntza aurrez aurre ikusi, aztertu eta interpretatzeko.

Pieza brontzezko xafla bat da, leuna, eta azazkalen forma du behatz batzuetan. 143,1 mm-ko altuera, 1,09 mm-ko lodiera eta 127,9 mm-ko zabalera ditu, eta, eskumuturretik hurbil dagoen muturraren erdian zulaketa bat du. Esku formako elementu hori etxe baten sarreran aurkitu zuten, ikatzez inguratuta, eta, inskripzioaren zati bat itzulita eta zuloa ikusita, ikerlariek uste dute objektu apotropaikoa izan zitekeela, eguzki loreen parekoa, etxeetako ate eta leihoetan jartzen ohi zena gaitz oro uxatzeko eta etxe barrukoak babesteko.

K.a. I. mendeko inskripzioa

Inskripzioak bost hitz ditu, lau lerrotan banatuta. Testua idazteko erabilitako sistema grafikoa sistema iberiarretik moldatutako beste sistema bat da: sistema baskonikoa, hain zuzen ere.

Lehen hitzaren ("Sorioneku") eta "zonioneko" euskal hitzaren (zorionekoa, zorte onekoa) arteko antza nabarmendu dute adituek, baina azpimarratu dute gainerako inskripzioak ezin izan dituztela deszifratu.

Ondorioz, Irulegiren aurkikuntzak berrikuntza esanguratsuak dakartza arkeologia- eta hizkuntza-munduan. Alde batetik, sistema grafiko espezifiko bat dagoela baieztatzen duelako, hau da signario baskonikoa; eta, bestetik, duela 2.100 urte aurkitu den eremu geografikoan baskoiera erabiltzen zela egiaztatzen duela, nabarmendu dute adituek.

Ikertzaileen arabera, Irulegiko Eskua orain arte baskoieraz ezagutzen den testu zaharrena eta luzeena da. Inguru honetan aurkitutako txanponen testigantzekin eta beste epigrafe batzuekin batera (Andelosko mosaikoa, Arangurengo brontzea eta Oliteko harriaren gaineko inskripzio bat), antzinako baskoiek idazkera nola erabiltzen zuten erakusten du.

Gainera, xafla horrek berezitasun bat dakar euskarriaren tipologiari eta morfologiari dagokionez, eta erabilitako idazkera teknikari dagokionez ere bai.

Testuinguru arkeologikoa

Brontze Aro berantiarretik (K. a. XV. eta XI. mendeen artean) K.a. I. mendearen hasierara arte iraun zuen herrixka bat zen Irulegikoa, erromatarrek horri su eman ondoren abandonatutakoa, Sertoriar Gerretako testuinguruan.

Inguruotako indusketak garrantzi berezia du, garai hartako irudi izoztua eskaintzen baitu. Izan ere, herrixka erre egin zuten eta hormak etxebizitzen gainera erori ziren, lurperatuz, baina baita babestuz ere, barruan zegoena. Horri esker, zeramika eta eguneroko objektuak kontserbazio-egoera onean aurkitu ahal izan dira.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)