Itxi

Eguraldiaren iragarpena

Sanmartinetako uda txikiak ez du hutsik egin eta tenperatura altuko beste asteburu bat utziko du

EITB Media

Leer en Castellano

Larunbatean hodei apur bat espero da, batez ere isurialde mediterraneoan; gainerakoan eguraldi eguzkitsua nagusituko da, baina zerua ez da erabat garbi egongo. Igandea ere eguzkitsua izango da.

Haize-sorgailuak Oizen (Bizkaia). Argazkia: Amaia Olabarria

Udazkenak leuna izaten jarraitzen du Euskal Herrian eta asteburuan ere hego haizeak tenperatura oso altu eta atseginak utziko ditu. Beraz, sanmartinetako uda txikiak ez du hutsik egingo bere hitzorduan.

Larunbata

Euskalmentek jakitera eman duenez, larunbatean zerua hodeitsuago egongo da, batez ere Mediterraneo isurialdean non noizean behin zaparradaren bat botako duen, bereziki ekialdean; gainerako tokietan giro eguzkitsuarekin jarraituko dute, nahiz eta zerua erabat garbi ez egon.

Zerua hodeitsuago egongo denez eta haizea bizi ibiliko denez, tenperatura minimoek nabarmen egingo dute gora; baliteke tenperatura maximoak ere gradu pare bat igotzea, baina batez ere Kantauri isurialdean.

Hegoaldeko haizea ibiliko da, indartsu, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin.

Igandea

Igandean giro eguzkitsua nagusituko da. Eguna ostarte zabalekin hasiko da eta baliteke lanbroa edo lainogune batzuk sortzea. Arratsaldetik aurrera erdi mailako hodei eta goi-hodei batzuk agertuko dira mendebaldean.

Hegoaldeko haizeak larunbatean baino indar gutxiago izango du, baina hala ere tenperatura nahiko altuekin jarraituko dugu, bereziki Kantauri isurialdean non 20 ºCak gaindituko diren.