Elkarrizketa Radio Vitorian
Urtaran: "Ez dugu aurreikusita Gardelegiko zabortegia handitzea, ezta hondakin arriskutsuak jasotzea ere"
EITB MEDIA
Jaurlaritzak hondakinen kudeaketaren harira atzo aurkeztutako ibilbide orriaren kontura, alkateak azpimarratu du ez dutela Gasteizko zabortegiaren "izaera aldatuko, inondik inora".
Gasteizko Gardelegi zabortegiak 85 hektarea ditu, eta hala, datozen 8-10 urteetan sor daitezkeen beharrak asetzeko "nahikoa edukiera" duela azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak.
Eusko Jaurlaritzak atzo aurkeztu zuen hondakinak kudeatzeko datozen urteetarako ibilbide orria, eta bertan jasotzen denez, baliteke 2024an fibrozementu (amiantoa) edo bestelako hondakin arriskutsuak batzeko gelaxkak jarri behar izatea.
Egitasmo horiei erantzun irmoa eman dio gaur Urtaranek Radio Vitoriari eskainitako elkarrizketan. "Zabortegiak egun duen edukiera izaten jarraituko du, hiri hondakinak jasotzen, horretarako diseinatu baitzen. Ez dugu Gardelegiren izaera aldatuko, inondik inora. Gaur-gaurkoz, ez dugu aurreikusita Gardelegiko zabortegia handitzea, ezta hondakin arriskutsuak jasotzea ere".
Horren ildoan, baieztatu du Gardelegik ez duela hondakin arriskutsurik jaso.