ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Juan Mari Aburto: "Basurtuko ospitalea erreferente gisa mantentzea da gure eskaera"
O. A. | EITB MEDIA
Basurtuko Bihotzeko Kirurgia Zerbitzua Gurutzetara eramateko erabakia geldiarazi du epaitegi batek, eta, testuinguru horretan, Bilboko alkateak Basurtuko ospitalearen eta osasun publikoaren defentsa egin du.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Basurtuko Ospitaleko Bihotzeko Kirurgia Zerbitzua Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo) eramateko proiektua behin-behinean bertan behera gelditu den honetan, Juan Mari Aburto alkateak Bilboko ospitalearen aldeko defentsa egin du. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, Aburtok esan du ez duela irizpide zientifiko nahikorik erabakia ondo hartuta dagoen ala ez esateko. Dena dela, argi du Basurtuko Ospitaleak izan behar duela erreferente bai Osakidetzan eta baita Estatu mailan ere: "Erreferente gisa mantentzea da gure eskaera".
Aste honetan, Basurtuko 38 zerbitzuburuetako 36k gutuna idatzi dute gertatzen ari denaren gaineko beren ikuspuntua plazaratuz, eta atsekabea ere adierazi dute alkatearen jarreragatik Bilboko ospitalearen eraistearen aurrean ez duela ezer esan iritzita. Juan Mari Aburtoren esanetan, behin baino gehiagotan egin du Basurturen defentsa Udaleko osoko bilkuran eta hedabide publikoetan, eta bere ikuspuntua berretsi du.
Artxandako zabortegia berriro irekitzeko erabakiaz galdetuta, inguru hori biziberritzeko eta orain dagoena baino hobeto uzteko aukera zabalduko dela adierazi du. 1976an zabortegia itxi zenetik, 20 bat urtez kontrolik gabeko zabortegi izan zen Artxandakoa, eta horrek, esan du alkateak, hondakinak nahastuta botatzea eragin zuen. Aburtoren arabera, lehenik zabortegian dauden hondakinak sailkatu eta beste zabortegietan sartuko dira, eta hori egindakoan hondakin geldoak eta eraikuntzatik datozenak hartuko ditu.
Gaur abiatu den Euskaraldia ere aipatu du. Horren hitzetan, halako ariketa sozialak onak dira erronka euskararen erabilera indartzea delako, eta horretan laguntzen duelako.