Eguraldiaren iragarpena
Giro oso nahasi eta hezeko asteburua
EITB Media
Larunbatean eguraldia hotza eta euritsua izango da. Euria egiten jarraituko du, batez ere goizean, eta gehiago Gipuzkoako ekialdean, bertan zaparradak mardulagoak izan daitezke.
Giroa oso nahasi, heze eta nahiko hotza izango da asteburuan; izan ere, aire hotza sartuko da etengabe goiko geruzatan.
Larunbata
Euskalmetek jakitera eman duenez, larunbatean giro hotz eta euritsua izango da. Euria bereziki goizean egingo du, eta berriro ere Gipuzkoa ekialdean gogotik egingo du, bertan etengabe egin dezake eta zaparrada mardulak bota ditzake.
Horrez gain, tenperatura beste koska bat jaitsiko da, barnealdean maximoak 9-11 ºC ingurukoak izango dira eta kostaldean 12 ºC-ren bueltan geldituko dira eta goizaldean elur-kota 1000-1200 metrora jaitsi daiteke.
Goizean igoz joango da eta arratsalde-gauean 1300-1500 metro inguruan egongo da. Ipar-mendebaldeko haizea goizean zakar ibiliko da, gauean hego-mendebaldera egingo du eta indarra galduko du.
Igandea
Igandean beste fronte bat iritsiko da eta giroa euritsua izango da. Euria batez ere egunaren lehenengo zatian egingo du, eta bereziki eta beste egun batez euri gehien ipar partean pilatuko da.
Arratsalde-gauean atertzera egingo du, eta nahiz eta eguna goibela eta euritsua izan, tenperatura maximoak bizpahiru gradu igoko dira.
Goizaldean hego-mendebaldeko haizea ibiliko da eta goizean mendebal edo ipar-mendebaldera egingo du, indartu egingo da eta haizegunetan gogor joko du.