Itxi

ikerketa

Duela 17.000 urte ere bizi ziren etxeko txakurrak Euskadin

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

EHUko Giza Biologia Ebolutiboko taldeak data jarri ahal izan dio 'Canis lupus familiaris' delakoaren existentziari, Zestoan aurkitutako hezur bat oinarri hartuta.

Txakurra da gizakiek etxekotutako lehen espeziea, otsoa oinarri hartuta. Artxiboko argazkia: EFE

Europako etxeko txakur zaharrenetariko bat Euskadin bizi izan zen duela 17.000 urte, EHUko Giza Biologia Ebolutiboko taldeak jakin ahal izan duenez Zestoan aurkitutako besahezur bat oinarri hartuta.

1985. urtean, Jesus Altunak Errallako (Zestoa, Gipuzkoa) aztarnategian gidatutako indusketa batean, kanido baten besahezur ia oso bat berreskuratu zuten. Otsoak, txakurrak, azeriak eta koioteak hartzen ditu barne, besteak beste, haragijale familia horrek. Une horretan, zaila zen identifikatzea zein kanidori zegokion hezur hura.

Orain, Conchi de la Rua irakasleak zuzendutako Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Biologia Ebolutiboko taldeak ikerketa sakona egin du hezur hondarraren inguruan.

Analisiak espeziea genetikoki identifikatzea baimendu du, Canis lupus familiaris (etxeko txakur) gisa. Karbono 14 bidez egindako datazio zuzenaren arabera, 17.410 eta 17.096 urte arteko antzinatasuna du hezurrak.

Hain zuzen, Goi Paleolitoko Madeleine aldiari dagokio, eta horrek Europan unera arte izandako etxeko txakur zaharrenetariko bat bilakatzen du. Txakurra da gizakiek etxekotutako lehen espeziea, otsoa oinarri hartuta.

Errallako txakurrak leinu mitokondriala partekatzen du unera arte aztertutako Madeleine aldiko txakur gutxiekin. Leinu horren jatorria "Azken Maximo Glaziarra" deritzonarekin bat egin zuen klima hotzeko aldi batekin lotu ohi da, Europan duela 22.000 urte izan zena.

"Emaitza hauei esker, posible da pentsatzea otsoaren etxekotzea orain arte uste baino goizago eman zela, mendebaldeko Europan behintzat. Izan ere, Paleolitoko ehiztari-biltzaileek otsoarena bezalako espezie basatiekin zuten interakzioa indartuta egon zitekeen aterpe glaziarreko eremuetan (Frantziar-Kantabriarra, esate baterako) krisi klimatiko aldi horretan zehar", azaldu du De la Rua irakasleak.