Bilbo
Bilboko suhiltzaileek baztertu egin dute Areatzako sutea Aste Nagusiko su artifizialek eragin izana
EITB MEDIA
Suhiltzaileen ikerketaren arabera, instalazio elektrikoen egoera kaskarraren ondorioz piztu zen sutea. Gainera, sua barrutik kanpora hedatu zela aipatu dute.
Bilboko suhiltzaileek baztertu egin dute abuztuan Aste Nagusiaren txosnagunearen aurrean dagoen etxebizitza bloke batean piztutako sutea su artifizialek eragin izana, EITBk jakin duenez.
Bilboko Udalak suhiltzaileei agindutako ikerketaren arabera, eraikineko instalazio elektrikoen egoera kaskarraren ondorioz piztu zen sutea. Horren ildotik, sua barrutik kanpora hedatu zela aipatu dute.
Bilboko suhiltzaileen operazio buru ofizialak sinatutako 22 orrialdeko txostenak instalazio elektriko zaharrak eta hondatuak aipatzen ditu sutearen arrazoi nagusitzat. Begi-ikuskapen pare bat egin zituzten.
Horietako bigarrenean, Ertzaintzaren lehergailu unitateko txakurrek ez zuten material piroteknikorik aurkitu, eta habeek kalte gehiago dituzte behealdean goiko aldean baino. Sutearen jatorria kaltetutako bi atarietako baten azken solairuko konexio elektrikoetan dagoela uste dute. Horrela, suak behetik gora egin zuela erabaki dute.
Konkretuki, txostenaren ondorioek adierazten dute sutearen sorburua "9. zenbakiko ezkerreko 5. solairuaren teilatupean egon daitekeela nagusiki, eta zehazki, 9. eta 10. zenbakiko atarietako etxebizitzak banatzen dituen horma bitartean".
Ikerketan, "aurkitutako instalazio, konexio eta anomalia elektrikoez" hitz egiten da, "oinarrizko eta bigarren mailako arku elektrikoekin, deribazio elektrikoen kanpo-kutxarekin eta 5. solairuko ezkerreko ganbaran sartzen den hartunearekin". Txostenaren arduradunaren iritziz, "sutearen jatorriarekin lotura zuzena izan dezaketen ebidentzia nagusiak dira".
Txostena jaso dute dagoeneko Epaltzaren Alargunaren kaleko 9. eta 10. zenbakietako bizilagunek, baina ez da duten txosten bakarra. Aseguru-etxeen beste txosten batzuek, esaterako, hipotesi kontrajarriak dituzte. Horregatik, abokatuekin aztertzen ari dira eman beharreko urratsak.