Itxi

TRAFIKOA ETA KUTSADURA

Trafiko handiko errepideetatik gertu bizi direnek dementzia izateko arrisku handiagoa dute

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Duela gutxi egindako makroanalisi batek ondorioztatu duenez, partikula finek (PM2.5) eragindako kutsadurak, hau da, airean dauden 2,5 mikra diametrotik beherako partikula kutsatzaileek, eragina izan dezakete Alzheimerra bezalako gaixotasunen garapenean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Berriki egin den ikerketa batek ondorioztatu duenez, trafikoarekin lotutako aire kutsadura mota jakin batekiko esposizio handiagoak dementzia izateko arriskua areagotu dezake. "Horrek ez du esan nahi aire kutsadurak dementzia eragiten duenik", argitu du Gurutz Linazasoro neurologoak. "Korrelazio bat egoteak ez du esan nahi kausa-efektu harremana dagoenik, baizik eta poluzio gehiago duen giro batean bizi denak etorkizunean gaixotasuna pairatzeko arrisku handiagoa duela", gaineratu du.

Ikertzaileek nabarmendu dute dementzian eragiten duten eta aldatu ezin diren arrisku biologikoko faktore asko daudela. Badira, baina, alda daitezkeen hainbat faktore, hala nola ohitura osasungarriak edo ingurumenekoak. Kasu honetan, kutsatutako airean denbora luzez egoten bagara, zehazkiago, partikula finen eraginpean (PM2.5), hots, airean esekitako 2,5 mikra diametrotik beherako partikula kutsatzaileak arnasten baditugu, horrek gaixotasunaren garapenean eragina izan dezake.

Guztira, 90.000.000 pertsona baino gehiagoren datuak aztertu ziren, horietatik 5.521.111 (% 6) dementzia zuten gaixoak. Ikerketaren egileek ondorioztatu zuten metro kubiko bakoitzeko partikula fin mikrogramo bat arnasteak % 3 handitzen duela dementzia izateko arriskua.

Baina... zer dira partikula esekiak eta nola iristen dira airera?

Partikula esekiak hiriguneetako kutsatzaile atmosferiko nagusietako bat dira, eta, gainera, biztanleriaren osasunean eragin handiena dutenen artean daude. Partikula solidoen eta tanta likidoen nahasketa bat izan ohi da. Partikula batzuk, hala nola hautsa, zikinkeria, kedarra edo kea, begi hutsez ikusteko bezain handiak dira. Beste batzuk, berriz, hain dira txikiak, non mikroskopio elektroniko baten bidez bakarrik detekta daitezkeen.

Partikulek eragindako kutsaduraren barruan sartzen dira:

- PM10: normalean 10 mikrometro eta gutxiagoko diametroak dituzten partikulak.

- PM2,5: partikula finak, 2,5 mikrometro eta gutxiagoko diametroak dituztenak.

Zenbat da 2,5 mikrometro? Batez beste, giza ileak 70 mikrometro inguruko diametroa du, eta, beraz, partikula fin handiena baino 30 aldiz handiagoa da. Jarraian, partikula horiek giza ilearekin alderatu ditugu:


Neurologia alorrean aditua den medikuak adierazi duenez, "litekeena da minipartikula horiek garunaren barruan sartzea eta Alzheimerraren gaixotasunaren atzean dauden aldaketa patologikoen sorrera erraztea", lotura zuzena baitago sudur bidearen eta garunaren artean. "Arnasten dugun guztia oso azkar sartzen da burmuinera", nabarmendu du.

Linazasororen arabera, partikula handiagoen kasuan, organismoak erreakzionatu eta kanporatu egiten ditu, eztul batekin edo doministiku batekin, adibidez. "Txikienak geldiarazteko askoz ere zailagoak dira, eta burmuinaren barnealdera edo biriken barrualdera irits daitezke", azaldu du.

Bizimodu osasungarriaren garrantzia

Neurologoaren aburuz, errepide batetik gertu bizi den pertsona batek, ondo elikatzen denak, jarduera intelektual eta sozial handia duenak, kirol asko egiten duenak edo ondo lo egiten duenak, arrisku gutxiago du gaixotasun mota hori izateko eremu kutsagarri batetik urrun bizi den pertsona batek baino, azken horrek "egun osoa besaulki batean eserita pasatzen badu eguna ezertxo ere egin gabe".

Zaila da norbanakoarentzat hori ekiditeko zerbait egitea; izan ere, medikuak onartu du "pertsona batzuek hirietako airearen eraginpean egon behar dutela nahi eta nahiez, lanera joateko, esaterako". Hala ere, Linazasorok uste du gure esku dagoela hein handi batean naturarekin harremana izatea, eta kutsadura oso handia dagoen guneetatik pixka bat urruntzea.

Era berean, uste du beharrezkoa dela agintari publikoek esku hartzea, urgentziaz. "Onena da orain, Egipton egiten ari diren klimaren goi bileran, energia garbien erabilera bultzatzea kutsadura hori saihesteko. Kutsadura gehiena energia fosilen kontsumoaren ondorio da", azpimarratu du.

Bideoak (1)