Itxi

Osakidetza

Sagardui, Basurtuko bihotz unitatea lekualdatzeaz: "Gure erabakia adituen irizpideei jarraituz hartu zen"

M. D. | EITB Media

Leer en Castellano

Osasun sailburuak azaldu duenez, Gurutzetako eta Basurtuko unitateak "batzeko" erabakia "adituen irizpideak jarraituz" hartu zuten. Epaileak ez digu uzten aurrera joaten momentu honetan, baina irizpideak horiek izan behar direla pentsatzen dugu", esan du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gotzone Sagardui Osasun sailburua epaile batek Basurtuko bihotz kirurgiaren unitatearen inguruan hartutako erabakiaz mintzatu da Egun On Euskadi saioan. Esan duenez, Eusko Jaurlaritzak unitatea Gurutzetako ospitalera lekualdatzea bertan behera uzteko erabakia errespetatu egingo du, "baina ez gatoz bat".

Sagarduik azaldu duenez, Osasun sailak "adituen irizpideei jarraituz" hartu zuen Gurutzetako eta Basurtuko unitateak "batzeko" erabakia, baita beste hainbat lekutako esperientziak kontuan izanda. Errioxak eta Nafarroak, "bi erkidego eta osasun sistema desberdinek", bihotz kirurgia bakarra osatzeko erabakia aipatu du Sagarduik.

Osasun sistema antolatzea "gure eskuduntza eta eginbeharra da", eta "zerbitzuak bateratzea" bihotz kirurgia hobetzeko bidea zen. "Epaileak ez digu uzten aurrera joaten momentu honetan, baina irizpideak horiek izan behar direla pentsatzen dugu", esan du.

Basurtuko langileek argitaratu duten eskutitzaren aurrean, Sagarduik eskatu du ez nahasteko bihotz unitatea lekualdatzeko erabakia eta saila garatzen ari den Basurtuko ospitaleari buruzko proiektua. "Basurtuk gure sareko ospitalea izaten jarraitzen du, bere garrantzi osoarekin, baina gauzak ez dira nahastu behar", esan du.

Bronkiolitis akutuari dagokionez, sailburuak argitu du oraindik ez dela heldu epidemiaren gailurra. Bereziki, 2 urtez azpiko haurrei eragiten dien arnas gaixotasun hori "hotzarekin etortzen da", eta oraindik eguraldi hotzena ez denez iritsi, "denbora bat ematen du gailurra jotzeko".

Hala ere, Sagarduik azaldu du hori urteroko ohiko egoera dela. "Pandemia aurreko datuekin alderatuta, berdin antzekoak dira. Ohizko egoera batean gaude", esan du. Dena den, aurreko hiru urteetan musukoa erabili denez, "immunizazio sistema ahulagoa" dute haurrek.

Oraindik kasu larririk ez dela egon esan du, eta gehitu du Osakidetza kasu guztiak artatzeko prestatuta dagoela.

Bideoak (1)