Itxi

Giza eskubideak

Dora Maria Tellez Nikaraguako historialariak jasoko du 2022ko Rene Cassin saria

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Daniel Ortega presidentearen erregimenak ezarritako atzerapen demokratikoaren aurkako borroka horren ondorioz, Dora Maria Tellez preso dago. Saria emateko ekitaldia Gasteizen izango da, abenduaren 10ean.

Dora Maria Tellez Arguello historialari eta ikertzaile nikaraguarra. Artxiboko irudia: EITB

Dora Maria Tellez Arguello historialari eta ikertzaile nikaraguarrak jasoko du aurten Eusko Jaurlaritzak ematen duen Rene Cassin saria, bere herrialdean giza eskubideen sustapenean, defentsan eta zabalkundean duen konpromisoagatik.

Saria emateko ekitaldia Gasteizen izango da, abenduaren 10ean, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izango dira bertan, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzak ematen duen Rene Cassin sariaren epaimahaiak bereziki balioetsi du Dora Maria Tellezek giza eskubideen, emakumeen eskubideen eta Nikaraguako demokraziaren defentsan eginiko ibilbide luzea eta ekina.

Eskubideen murrizketaren eta Daniel Ortega presidentearen erregimenak ezarritako atzerapen demokratikoaren aurkako borroka horren ondorioz, Dora Maria Tellez preso dago bere herrialdean 2021eko ekainetik zenbait gizarte eta ekonomia sektoretako beste kontzientzia presoekin.

Presio neurri gisa, joan den irailean, Tellezek gose greba hasi zuen, bere eta kideen askatasuna eskatzeko eta Nikaraguako espetxeetako baldintzen eta haietan jasotzen duten tratuaren aurka protestatzeko.

Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, Dora Maria Tellezek Nikaraguako gizarte justiziaren aldeko lan ibilbide luzea du. Gerrillari den aldetik, bizitza arriskuan jarri zuen Anastasio Somoza jeneralaren diktadurari amaiera emateko, eta giltzarria izan zen ondoren etorri zen bitartekaritza eta elkarrizketa prozesuan.

Era berean, Gobernu sandinistako Osasun ministro eta Movimiento Renovador Sandinista (MRS) mugimenduaren sortzailea izan zen, eta, Latinoamerikan genero politiken sustatzaile den aldetik, beti izan da emakumeen eskubideen, demokraziaren eta zuzenbide estatuaren aldeko defendatzaile irmoa.