Itxi

Nazioarteko Eguna

Euskaralditik Euskararen egunera

Manu Gimenez | eitb media

Leer en Castellano

Durangoko Azokaren atarian iritsi dira euskararen aldeko ekimenak. Nafarroaren Eguna ere bada gaur, eta Aranzadi elkarteak omenaldia jasoko du Iruñean.

Bilbo. Argazkia: Efe

Euskaraldiak eman du eman beharrekoa aurtengoan, eta ahobiziak eta belarriprestak bero-bero daudelarik iritsi da Euskararen Nazioarteko eguna.

Abenduak 3 dituen honetan, herritar zein erakunde, euskararen garrantzia goraipatzeko ekitaldietan murgilduko dira.

Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egingo du ekitaldi nagusia, eta bertan Iñigo Urkullu lehendakariak azken 40 urte hauetan euskarak izandako "hazkunde eredugarria" azpimarratu du. Gainera, euskararen erronkei aurre egiteko "ausardia eta adostasuna" aldarrikatu ditu. Jaurlaritzak Euskararen Legeak 40 urte bete dituela ere oroitu du.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeaGoiz Kronikan esan duenaren arabera, "Lege eredugarria da. Adostasun zabalarekin onartua izan zen. Eraginkortasuna eta ikuspegi inklusiboa izan du, baita progresibotasuna ere".

Kike Amonarriz Euskaltzaleen topaguneko lehendakariaren esanetan, bestalde, azken 40 urteetan errealitate soziolinguistikoa aldatu egin da eta horregatik da garrantzitsua legea egokitzea. "Legeek ez dute ezertarako balio gizartean nahirik ez badago", Dobaranen ustez. Nahiz eta txapa gutxiago ikusi den kaletik "Euskaraldiari esker irabazi ditugu esparru asko eremu erdaldunean bizi garenok", gehitu du sailburuordeak.

Atzo amaitu zen Euskaraldia, egun handi honen atarian, eta euskararen normalizazioa helburu duen ekimenaren harira, Jon Sarasua Euskaltzaindiaren Gogoetaguneko koordinatzailea elkarrizketatu zuten atzo Euskadi Irratian, eta mezua ez zen gozoa izan: "Euskarak minbizia du. Orain 60 urte minbiziaren kontrako botika esperimentala jarri genuen, munduko hainbat lekutarako inspiratzaile dena gainera. Baina gorputz honek minbizia izaten jarraitzen du eta beste terapia bat behar du. Ez dugu diagnostikoan behar adostasuna. Behar dugu elkarrekin lan egiteko bisio batzuk adostea"

Eragile politikoek ere aprobetxatuko dute eguna euskararen inguruko gogoetak eta proposamenak plazaratzeko, eta euskarak aurrean dituen erronkei buruz, EH Bilduk adierazi du "iraganean kateatu gabe, etorkizunera jauzi egiteko garaia" dela, eta "beharrezkoak ditugun konpromiso eta bitartekoak aktibatu behar" direla, "herrigintzatik, bizitzako eremu guztietatik, baina baita politikatik eta erakundeetatik ere".

EAJren Euzkadi Buru Batzarrak oharra kaleratu du akordioaren garrantzia azpimarratuz, eta adostasun ezak "liskar soziala" baino ez duela ekartzen ondorioztatuz. Gainera, autogobernuaren eskutik, "milaka urteko bere historian euskarak ezagutu duen aurrerabiderik sendoena" txalotu du EAJk, "euskal herritarron ezinbesteko kontzientzia eta ekimena oinarri hartuta".

Bestalde, Euskalgintzaren Kontseiluak eta hezkuntza, kultura eta euskara arloko 211 sortzaile eta profesionalek EAEko hezkuntza lege berrian euskara irakas-hizkuntza izatea eskatu dute gaur aurkeztu duten adierazpen batean.

Abenduak 3 dituen honetan, Frantzisko Xabierkoaren egunean, Nafarroaren Eguna ere bada. Orreaga fundazioak antolatzen duen Nafarren Biltzarrarekin lotuta ekitaldian egin dituzte Iruñean, Gazteluko plazan, eta Aranzadi elkarteak, Irulegiko eskua aurkitu zuenak, omenaldia jaso du.

Euskararen aldeko ekimenekin batera, euskal kulturak ere izango du bultzada egunotan, Durangoko Azokaren atarian baikaude. Abenduaren 7tik 11ra, "eztanDA!" lelopean, 930 kultur nobedade egongo dira eskuragarri 248 erakusmahaitan: 689 liburu, 141 musika produktu, 46 aldizkari eta bestelako 54 gai (ikus-entzunezkoak, papergintza…).

Durangoko Azokaren kartela.

EITBk Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du larunbat honetan, abenduaren 3an, telebistan, irratian eta Interneten eduki bereziak eskainiz.

Albisteak (6)

Audioak (2)