Itxi

JASANGARRITASUNA

Gabonetako zuhaitz naturala edo artifiziala: Zein da aukerarik jasangarriena?

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Galdera horrek ez du erantzun bakar bat; izan ere, faktore askok eragiten dute. Behin jaiak amaituta, zer gertatuko da zuhaitz natural horrekin? Bere loreontzian bizitzen jarraituko du? Birziklatu ala konpostatu egingo da?

Zuhaitz artifiziala edo naturala, zein da jasangarriagoa?. Irudia: EITB

Gabonak ate joka ditugu, eta urtero legez, aurten ere egun horietan ingurumen-inpaktu handia eragingo dugu apaingarri, opari, bilgarri eta botatzen diren gainerako objektuetatik sortzen den zabor kopuruagatik. Eta Gabonetako zuhaitzak, zenbateraino kutsatzen du? Artifiziala ala naturala, zein da aukerarik jasangarriena? Adituen arabera, plastikozko bat gutxienez 10 Gabonetan berrerabili behar da, natural batek ingurumenean duen eraginaren azpitik mantentzeko.

Dena dela, zaila da erantzun bakar bat aurkitzea, faktore askok eragiten baitute. Askok zuhaitz artifizialaren alde egiten dute, gehiago irauten duelako eta, hartara, ez dutelako urtero erosten ibili beharrik. Aldiz, beste batzuek nahiago dituzte zuhaitz naturalak, ingurumenari kalte gutxiago egiten diotela uste baitute.

Ingurumeneko adituek diotenez, printzipioz, Gabonetako zuhaitz natural batek artifizial batek baino ingurumen-inpaktu gutxiago eragiten du; izan ere, hasteko, ekoizpen- eta garraio-prozesuek eragin handiagoa dute plastikozko zuhaitzaren kasuan.

Baina, naturalek plastikozko zuhaitzek baino gutxiago kutsatzen al dute? Behin jaiak amaituta, non amaituko du zuhaitz horrek? Bere loreontzian bizitzen jarraituko du, birziklatu edo konpostatu egingo da? Zabortegian amaitzen badu, karbono-aztarna nabarmen handituko da.

Karbono-aztarna gizakiak produktu bat fabrikatzean edo eguneroko jarduerak egitean sortzen dituen isurketen eta berotegi efektuko gasen kopurua da, eta isuritako CO2 tonatan adierazten da.

Duela gutxi egindako ikerketa batean, Carbon Trust aholkularitza enpresak ondorioztatu du zuhaitz artifizial bat gutxienez 10 aldiz berrerabili behar dela bere ingurumen-inpaktua natural batenaren azpitik mantentzeko. Zehazki, bi metroko zuhaitz artifizial baten karbono-aztarna 40 kilo CO2 zela kalkulatu zuen aholkularitza enpresak.

Zuhaitz artifizial eta natural baten abantailak eta desabantailak


Baina bi zuhaitz moten bizi-zikloaren eragin ekologikoan batez ere kontutan hartu behar dena da behin erabili ondotik non amaitzen duten. Zuhaitz natural bat erretzen bada, karbono-edukia atmosferara doa. Eta are okerragoa da izeiak zabortegi batean amaitzen badu; izan ere, deskonposizioaren ondorioz karbono guztia atmosferara itzuliko da, baina, kasu honetan, metano moduan, CO2a baino 21 aldiz kutsakorragoa den berotegi efektuko gas batekin, alegia.

Horregatik, zuhaitz naturalak behar bezala birziklatzea gomendatzen dute adituek. Lehen pausoa, baina, merkaturatzeko helburua duten haztegietan erosi direla ziurtatzea da.

Hona hemen, ingurumena errespetatzea helburu, jai sasoia amaitutakoan Gabonetako zuhaitza kentzea erabakitzen denean kontuan har daitezkeen hainbat gomendio:

- Gabonetako zuhaitza birlandatzea: Eguberrietako zuhaitz natural bat loreontzi batean erosi bada, lorategian berriro landatu daiteke. Lurrari ongarri pixka bat gehitzen bazaio eta zaintzen bada, baliteke prest egotea datorren urtean erabili ahal izateko.

- Adarrak eta enborra zurezko ezpal bihurtzea lorategian konpostatzeko.

- Zuhaitza birziklatzea: Gabonetako zuhaitza bilketa-puntu batera eramatea gero eta ohikoagoa bihurtzen ari da. Azken urteetan bilketa puntu ugari daude Gabonetako zuhaitz naturalak uzteko. Gune horien helburua zuhaitzari bigarren bizitza bat ematea da, eta ondoren, berriz landatzea.