ABORTUAREN LEGEA
Kongresuak gaur onartuko du 16-17 urtekoei gurasoen baimenik gabe abortatzeko aukera emango dien erreforma
AGENTZIAK | EITB Media
Kongresuaren babesa jaso ondoren, abortuaren erreformaren tramitazioak aurrera jarraituko du Senatuan.
16 eta 17 urte bitarteko adingabeei gurasoen baimenik gabea abortatzeko aukera emango dien lege erreformak beste pauso bat emango du. Gaur Espainiako Diputatuen Kongresuaren babesa jaso ondoren, abortuaren erreformaren tramitazioak aurrera jarraituko du Senatuan.
Iragan azaroaren 29an Diputatuen Kongresuko Berdintasun Batzordean, PPk, Voxek eta Ciudadanosek testuaren aurka bozkatu zuten. Dena dela, abortuaren legearen erreformak Kongresuaren gehiengoaren babesa du onartzeko.
Kontzientzia eragozpenerako eskubidea bermatuko du, haurdunaldiaren 39. astetik aurrera erditze aurreko baja bat hartzea ahalbidetuko du, amatasun baimenaren egunik kontsumitu gabe, eta hileko mingarriengatiko baja hartzea ahalbidetuko du.
Dena dela, lege proiektuak aldaketa batzuk jasotzen ditu Espainiako Gobernuak Ministroen Kontseiluan onartu zuenarekin alderatuta. Talde politikoek egindako hainbat zuzenketa onartu dira eta, adibidez, kontzientzia eragozpena onartzen zaien osasun profesionalek ezingo dute parte hartu 22. astetik aurrerako abortuei buruz erabakitzeko batzorde klinikoetan. Aipaturiko batzordeek ez dute haurdunaldia eteteko azken hitza izango 22. astetik aurrera. Gainera, emakumeak erabakia errekurritu ahal izango du bide jurisdikzionalak erabilita.
Horrez gain, legeak beharrezko neurriak hartzea aurreikusten du kontzientzia eragozpena eskatu dutenak eta ez dutenak ez direla diskriminatuko bermatzeko.
Bestalde, 16 urtetik beherako neska baten eta abortatzeko baimena eman behar duenaren artean adostasunik ez badago, agintaritza judizialak hartuko du erabakia, "urgentziaz".