Abortua
16 eta 17 urteko adingabeei guraso baimenik gabe abortatzea ahalbidetzen dien erreforma onartu du Kongresuak
EITB MEDIA
PPk, Voxek eta Ciudadanosek kontrako botoa eman dute. Horrela, Kongresuak Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministerioak bultzatutako erreforma baimendu du; 2010ean onartu zuten testua, eta orain, Senatuan jarraituko du tramitazioak.
Diputatuen Kongresuak argi berdea eman dio ostegunean, PPren, Voxen eta Ciudadanosen kontrako botoekin, Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministerioak bultzatutako erreforma jakin bati. Hain zuzen ere, 2010ean onartutako testu bat berreskuratuta, 16 eta 17 urteko adingabeek ez dute izango zertan lortu guraso baimenik abortatzeko. Testuak, orain, Senatuan jarraituko du tramitazioa.
Testuak, halaber, neurriak ditu, bermatzeko praktika hori osasun zentro publikoetan gauzatzen dela. Horretarako kontzientzia objektoreak diren profesionalen zerrenda sortuko dute, Eutanasia Legea indarrean jarri zela ere egin zutenez (legealdi honetan bertan).
Gainera, ondorengoak jasotzen ditu: osasun zentroetan eta sexu osasuneko eta ugalketa osasun zentroetan biharamuneko pilula doan ematea, gizonentzako metodo antisorgailuak bultzatzea, emakumeen bizitza etapa guztietan zeharreko hilekoaren osasunaren gaineko eskubideak, hileko oso mingarriak eta ezgaitzaileak dituzten emakumeentzako baja espezifikoa, hilekoaren osasuneko produktuak institutuetan, espetxeetan, emakume zentroetan, zentro zibikoetan edo gizarte zentroetan doan ematea, eta hezkuntza etapa guztietan sexu hezkuntza irakastea derrigorrezkoa izatea.
Legeak, halaber, haurdunaldiaren etapa guztietan jardunbide egokiak sustatzeko neurriak ere baditu, bereziki erditzean eta erdiondoan; besteak beste, erditzearen aurreko baja bat jasotzen du, haurdunaldiko 39. astetik, amatasun baimeneko egunik kontsumituko ez duena.
Halaber, haurdunaldi subrogatua bultzatzen duten agentzietako publizitatea eta jarduera debekatu egiten du. Haurdunaldi subrogatua legez kanpokoa da espainiar Estatuan.
Neurri gehiago
Testuaren tramitazioan, neurri gehiago ere gehitu dituzte; adibidez, batzorde klinikoetan ezingo da izan objektoreen zerrenda dagoen kiderik, edo aurreko hiru urteetan zerrenda horretan izandakorik. Batzordeek ez dute izango azken hitza haurdunaldiaren etenaldiaz 22. astetik; izan ere, pazienteak helegitea aurkeztu ahalko du bide jurisdikzionalean, ados ez badago.
Aldaketa horien bidez, gainera, erakunde publikoek ezingo dituzte babestu bizitzaren aldeko elkarteak. Hausnarketa epea errespetatu gabe eta pazienteei amatasuna bultzatzeko politika aktiboen gaineko informazioa eman gabe abortuak egiten dituzten medikuek ez dute inolako isunik jasoko. Era berean, amatasun edo aitatasun baimenak aldi baterako eta larrialdi harreretan eskatu ahalko dituzte; orain arte, urtebetetik gorako baimenetan soilik eskatu ahal zituzten.