INDARKERIA MATXISTA
San Frantzisko auzoan izandako hilketa matxista gaitzetsi dute Bilboko Udalak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek
EITB MEDIA
Halaber, Bilboko San Frantzisko auzoan gaur izan den hilketa salatzeko, elkarretaratzea deitu du biharko Bilboko Udalak eta herritarrak parte-hartzera deitu ditu. 12:00etan egingo dute bilkura, udaletxearen atarian.
Bizkaiko hiriburuan gaur goizean izan den hilketa matxista gogor gaitzetsi du Bilboko Udalak, eguerdian kaleratu duen ohar instituzional baten bidez. Gertakari horrek eragindako "samina eta ezin ulertua" adierazi ditu Udalak eta biktimaren senideei eta lagunei "sostengua" helarazi die.
Udal talde guztiek onartutako oharrak jasotzen duenez, "milaka emakumek zuzenean pairatzen dituzten egoera horiek gure gizartean eta gure eguneroko bizimoduan txertatuta dago". "Heriotza hau indarkeria matxistaren adierazpiderik larriena da, baina egunez egun asko dira emakumeen kontra zuzentzen diren jarrerak eta adierazpenak, eta horiek guztiak gaitzestekoak eta arbuiatzekoak dira", gehitu dute.
Gaurko hilketa salatzeko, elkarretaratzea deitu du biharko Bilboko Udalak, eta herritarrak bertan parte-hartzera deitu ditu. 12:00etan egingo dute bilkura, udaletxearen eskaileretan. "Eraso hau salatzeko, eraso guztiak eta bereziki emakumeen aurka egindakoak errefusatzeko, eta Bilbok zein bilbotarrek bake bidezko elkarbizitzaren eta berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko gizartearen aldeko apustua egiten dutela aldarrikatzeko, bihar, osteguna, 2022ko abenduak 29, 12:00etatik aurrera, Bilboko Udaletxeko eskailera nagusian egingo den bost minutuko elkarteratze isilean parte hartzera dei egin nahi dugu".
Halaber, Juan Maria Aburto Bilboko alkateak gaurko osoko bilkuran jakinarazi duenez, Udala herri akusazio gisa aurkeztuko dela, gaurko hilketa argitzeko auzian.
Bide beretik, Bizkaiko Batzar Nagusiek ere irmoki gaitzetsi dute gaur Bilbon izan den hilketa matxista. Gernikako Batzar Etxean goizean egin duten saioan, talde guztiek aho batez salatu dute gertatutakoa eta elkartasuna adierazi diete biktimaren etxekoei.
Datozen ordu eta egunotan antolatuko diren protesta ekintzetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Ustezko hiltzailea, atxilotuta
45 urteko emakume bat hil du gizon batek Bilboko San Frantzisko auzoko taberna batean. Biak ziren tabernako arduradunak. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak 44 urteko ustezko egilea atxilotu dute. Gizonak berak deitu omen dio Udaltzaingoari 09:00etan.
Atxilotua Ertzaintzaren esku utzi dute, eta hura arduratuko da, orain, hilketa horren arrazoiak argitzeaz. Oraingoz ez da ezagutzen zein den biktimaren eta erasotzailearen arteko harremana.