Zientzia
Nolakoa da Marteko eguraldia? EHUren ikerketa batek argitu du batez besteko tenperatura -55 ºC-koa dela
EITB Media
Marteko egun baten iraupena, airearen tenperatura, haize-zurrunbiloen funtzionamendua eta beste datu asko argitaratu dituzte Nature Geoscience aldizkarian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
2021ean Marteko Jezero kraterrera iritsi zen rover Perseverance-ari esker NASAk datu bilketa handia egin du planeta gorriaren inguruan. Ikerketa horretan Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) planeta-zientzia taldeak hartu du parte. Hain zuzen, tenperaturaren eta presioaren urtaroko eta eguneroko zikloen azterketa gidatu du, baita prozesu oso desberdinek beste denbora-eskala batzuetan eragindako aldaketa handiak ere bai. Datu horiek gaur argitaratu dira 2023ko urtarrileko Nature Geoscience aldizkarian.
Datuak lortzeko, ezinbestekoa izan da roverrak soinean zeraman MEDA (Mars Environmental Dynamics Analyzer) izeneko gailua. Horri esker jakin izan da Marten egun batek Lurrean baino ia 40 minutu gehiago irauten duela eta kraterrean airearen tenperatura nabarmen aldatzen dela egunetik gauera. Gainera, jakin da "dust evil" izeneko haize zurrunbiloak kraterraren inguruan ugariagoak direla beste planeta osoan baino, bai eta zurrunbilo horien funtzionamendua ere nolakoa den ikusi dute.
Jezero kraterrean, airearen batez besteko tenpertura -55 ºCkoa da, eta egunaren eta gauaren artean 50-60 graduko aldea egon ohi da, bildutako datuen arabera.
MEDA gailuari esker planeta gorriko klima ezagutu ahalko da, eta, Agustin Sanchez Vegak, Bilboko Ingeniaritza eskolako katedradunak, esan du: "MEDA zehaztasun handiko neurri meteorologikoak ematen ari da, Marteko atmosfera eskala lokaletatik metro batzuetara karakterizatzeko aukera ematen dutenak, planetaren eskala globalean bezala, milaka kilometrora gertatzen denari buruzko informazioa bilduz".
Rover Perseverance
Martera 2021eko otsailaren 18an iritsi zen eta konplexuak diren zazpi tresna zientifiko berri zituen gainean. Horien helburua planetaren gainazala esploratzea da, iraganeko bizitza posible baten erakusleak bilatzea. Gainera, laginak hartzeko egina dago, horiek lurrera ekartzeko eta hala atmosfera xehetasun handiagoz aztertzeko.