Itxi

SENTENTZIA

Hiru urteko kartzela ezarri diote La Manada auziko biktimaren datu pertsonalak zabaldu zituen kazetariari

EITB MEDIA

Besteak beste, biktimaren argazkiak eta haren izen-abizenak eta bizitokia argitaratu zituen La Tribuna de Cartagena atarian. Espetxe zigorraz gain, emakumeari 15.000 euroko kalteordaina ere eman beharko dio auzipetuak, eta ezingo du kazetaritzan aritu, zigorrak irauten duen bitartean.

La Manada auziko epaiketaren irudi bat. Argazkia: EFE

Hiru urteko espetxe zigorra ezarri dio epaile batek La Tribuna de Cartagena agerkari digitaleko zuzendariari, La Manada auziko biktimaren argazkiak eta datu pertsonalak argitaratzeagatik. Horrez gain, biktimari 15.000 euroko kalteordaina eman beharko dio eta ezingo du kazetaritzan aritu zigorrak irauten duen bitartean. Osotasun moralaren kontrako eta sekretuak ezagutaraztearen delituak egotzi dizkio.

Murtziako Justizia Auzitegi Nagusiak gaur kaleratutako ebazpenaren arabera, biktimaren argazkiak, izen-abizenak, bizilekua, NAN zenbakia eta ikastetxea zabaldu zituen auzipetuak, "Nik ez dizut sinisten" goiburupean eta goitizen bat erabilita. Argazkietako bat bereziki "umiliagarria eta mingarria" dela dio epaileak, emakumeari sexu erasoa egin zioten unea erakusten duelako.

Halaber, epaileak frogatutzat eman du irudiok eta datuok izan zuten zabalkundearen ondorioz, biktimak irain ugari jaso zituela, Internet bidez helarazitako mezu anonimoen bidez. Mehatxuak ere bidali zizkioten, eta baita, argazkiekin egindako muntaiak ere. Horrek guztiak emakumeari kalte psikologiko nabarmena eragin ziola ebatzi du epaileak. "Besteak beste, antsietate handia eragin zion, eta atzerrira joan behar izan zuen, egiten ari zen unibertsitate ikasketak bertan behera utzita", dio epaiak.

Sententzia ez da behin betikoa eta horren kontrako apelazio helegitea jartzeko aukera zabalik dago.