Itxi

Premiazko laguntza programa

Muturreko kalteberatasunean dauden 10.000 pertsonari premiazko laguntza emango die Jaurlaritzak

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Programaren helburua da 2.500 bat familiari elikagaietara edo higiene pertsonalerako produktuetara jotzeko aukera bermatzea. Laguntzak 150-300 euro artekoak izango dira, urtean gehienez hiru aldiz emango dituzte, eta txanpon txartelen eta aplikazio mugikor baten bidez bideratuko dituzte.

Irudia: EITB Media.

Muturreko kalteberatasun egoeran dauden 10.000 bat pertsonari premiazko laguntza emango die Eusko Jaurlaritzak, haien oinarrizko premiei aurre egitea xede. Ostiralean Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak aurkeztutako programaren helburua da 2.500 bat familiari elikagaietara edo higiene pertsonalerako produktuetara jotzeko aukera bermatzea. Laguntzak 150-300 euro artekoak izango dira, urtean gehienez hiru aldiz emango dituzte, eta txanpon txartelen eta aplikazio mugikor baten bidez bideratuko dituzte.

Testuinguru horretan, Gasteizen, sailburuak xehetasunak eman ditu, muturreko kalteberatasun egoeretan dauden pertsona eta familien oinarrizko beharrei premiazko arreta emateko programa berriaren gainean. Hitzartuz programaren barruan, Jaurlaritzak, prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, ekimen horretarako, 2,5 milioi euroko aurrekontu partida du. Sailburuak adierazi du asmoa dela "10.000 bat pertsonarengana iristea, EAEko hiru lurralde historikoetan, alegia, 2.500 bat familiarengana. Haiei funtsezko ondasun eta zerbitzuetara jotzeko aukera bermatu ahalko diegu".

Kasu bakoitzarekin lotuta egingo duten banakako balioespenaren eta bizikidetza unitatea eratzen duen kide kopuruaren arabera, zenbatekoak 150 euro eta 300 euro artekoak izango dira, kide bateko familia unitateetarako eta lau kideko edo gehiagoko familia unitateetarako, hurrenez hurren. Gehienez, hiru entrega egingo dituzte urtean, kalteberatasun larriko kasuetan izan ezik; horiek behar bezala aztertuko dituzte, zehaztu du Jaurlaritzak.

EAEko Gurutze Gorriak du, urtarrilaren 1etik, laguntza horien eskaera, eskakizunen berrikuspena eta izapidetzea koordinatzeko ardura, edozein lurralde ordezkaritzatan. Aitor Allende koordinatzaile autonomikoak azaldu duenez, eskatzaileen eskaerak identifikatu ondoren, "kasu bakoitzaren balorazioa egingo da, eta aurkeztutako dokumentazioa aztertu, esku hartzeko plan pertsonalizatua diseinatu aurretik". Zehaztu du "laguntza hauen hartzaileak" izango direla diru sarrerak nuluak edo eskasak izateagatik beren beharrak betetzeko zailtasunak dituzten pertsonak edo familiak, jatorriaren arabera inolako bereizketarik egin gabe, baldin eta baldintzak betetzen badituzte; diru sarrerarik ez duten familiek lehentasuna izango dute, eta beste egoera batzuk baloratuko dira, hala nola familia kargak, karga ekonomikoak (zorrak, alokairuak…) eta salbuespenezko egoerak".

Txanpon txartelak, eta aplikazio mugikorra

Laguntzak funtsezko beharrak premiaz asetzera bideratuko dituzte; besteak beste, elikadura egokia edo higiene pertsonalerako produktuak eskuratzeko bide izatea. Hala, laguntza horiek bi bide konbinagarriren bitartez banatuko dituzte: alde batetik, txanpon txartel batzuk banatuko dituzte, eta haiek Eroski, Mercadona eta Carrefour supermerkatuetan eta hurbileko saltoki txikietan erabili ahalko dituzte; bestetik, laguntzak, era berean, aplikazio mugikor baten bidez bideratuko dira. Aplikazio horren bitartez, hartzaileek eskuratu ahalko dituzte saltokiek egunean zehar saldu ez dituzten eta egoera bikainean dauden elikagaiak, jatorrizko prezioaren gaineko % 70era arteko beherapenarekin.

Txanpon txartelekin, eta, batik bat, laguntzak Encantado de comerte aplikazioaren bidez (hartan, hartzaileak programatik kanpoko pertsonekin izango dira) "edozein estigmatizazio arrisku" saihestuko dute, Beatriz Artolazabalek esan duenez.

Laguntza-programak "arreta berezia jarriko du adingabeak edo muturreko kaltebera egoeran eta bakarrik dauden pertsonak bizilagun dituzten etxeetan, baina ez du ahaztuko, bestalde, emakumeek adin talde guztietan eta adinekoek jasan ohi dituzten pobrezia eta bazterkeria arrisku  handia". Programa honek, halaber, xede du kontsumo ohiturak hobetzea, ura edo energia kontsumitzeak dakarren gizarte eta ingurumen inpaktuaren inguruan kontzientziatzea, ingurumeneko ohitura onak geureganatzea edo elikadura eta nutrizio hezkuntza hobetzen laguntzea.

Ahalduntzea

Programa honek ikuspegi pedagogikoa ere badu, nahiz eta ekimen honen helburu nagusia oinarrizko beharrei premiazko erantzuna ematea den.

Artolazabalen hitzetan, "helburua da hartzaileekin batera lan egitea premia biziko ondasun eta zerbitzuetara sarbidea izatea eragozten duten egoerak eraldatzeko, gaitasunak garatzeko eta, larrialdiko oinarrizko erantzunak eskaintzeko ez ezik, denboran iraun dezaketen irtenbideak lortzeko aukera ere ematen duten aldaketa sakonak bilatzeko".

Eusko Jaurlaritzak honako ezaugarri hauek dituen ereduaren aldeko apustua egiten du, Artolazabalek ondorioztatu duenez: "pertsonak edozein esku hartzeren erdigunean jartzen ditu; hartzaileak haien aldaketa prozesuaren buru izateko aukera izan dezaten sustatzen du eta, horretarako, haien autonomia bultzatu eta inklusiorako bidean behar diren laguntza, orientazioa, bitartekaritza eta laguntza ematen die".