eguraldia
Elurraren Nazioarteko Egunak neguko lehen elurtea dakar
larraitz blanco | eitb media
Tenperatura altuak nagusi izan diren negu honetan, eski-estazio aunitz itxita daude elur eskasiagatik. Alabaina, Fien borraskak elur-kota 400 metrotan kokatuko du datozen egunetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur, urtarrileko hirugarren igandea eta "negu meteorologikoaren ekuatorea" izanik, Elurraren Nazioarteko Eguna da. Hitzorduak bere izenari men eginez, gaurdaino iritsi ez den elurra ekarri du Euskal Herrira.
2023. urtearen hasiera honetan, eski-estazio asko itxita daude Estatu espainiarrean zein Frantzian eta, meteorologo batzuek azpimarratu dutenez, beste urteekin alderatuta, garai honetarako elur gutxien egiten ari den urteetako bat izaten ari da. Hala ere, bihartik aurrera elur-maila 1000 metrotan kokatzea espero da EAEn.
AEMETen arabera, aurtengoak inoizko Gabon beroenetakoak izan dira; aurreko urteetakoak baino hiru gradu gehiagorekin, batez beste. Gauzak horrela, espainiar Estatuko eski-estazioen ia erdiak itxita daude elur eskasiaren ondorioz.
Larra-Belagua eta Abodi
Euskaldunek gehien erabiltzen dituzten estazioei erreparatuta, oro har, Formigal, Astun eta Candanchu dira zabalik dauden bakarrak: hori bai, pistaren azaleraren erdia baino gehiago itxita daukate. Bestalde, Nafarroako Pirinioetan dagoen Larra-Belagua eski estazioan eskiatu ahal izateko pista garaienetara igo beharra dago, hau da, 1650 metrora.
Aitzitik, Elurraren Nazioarteko Egunak eguraldi aldaketa ekarri du; izan ere, lehenengo elur malutak ikusi dira jada Euskal Herriko gune garaienetan. Horixe da Abodiko Eski Estazioaren kasua. Amaia Aiarra zentroko arduradunak Euskadi Irratian adierazi duenez, hasi du horrenbeste denboraz itxaroten egon diren elurra. Gainera, horrela jarraituz gero, eski-denboraldia salbatzeko baikor agertu da.
Abodi (Nafarroa), gaur
Elur-kota 1000 metroko altueran kokatuko da astelehenean Euskadin, eta asteartetik aurrera jaisten joango da, 400 metrotan kokatu arte egunaren bukaeran. Abisu horia ezarriko da asteartean goizeko bederatzietatik aurrera elur-arriskuagatik.