Itxi

Eguraldia

Elurragatik alerta laranja ezarri dute asteazkenerako

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

Kostaldea kenduta, EAE osoa alertapean egongo da, 300-400 metroan, eta are beherago, elurra bota dezakeela eta. Nafarroan ere, lurraldearen erdialde eta Kantauri isurialdean, 500-700 metrotan, 10 zentimetroko geruza pila daitekeela ohartarazi du Aemetek.

Barnealdeko herri batzuk zuri-zuri ikusiko ditugu asteazkenean. Irantzu Ladron de Guevara (Araia)

Negua bat-batean heldu zaigu —gaur-biharretan, 10 abisu daude indarrean muturreko fenomeno meteorologikoengatik—, eta asteazkenetik aurrera, giroa makurragoa izango da. Hain justu, eta Euskalmetek egindako iragarpena oinarri, ia Euskal Autonomia Erkidego guztia alerta laranjapean jarri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, elurragatik. Izan ere, maila baxuan (300-400 metro, baina baita baxuago ere) espero dira elur malutak. Nafarroan ere antzeko egoera aurreikusi du Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak, eta lurraldearen erdialdean eta Kantauri isurialdean, 500-700 metrotan, 10 zentimetroko geruza pilatu daitekeela eta, alerta laranja aktibatuko du egun horretarako. 

Etzirako negu beteko eguraldia iragarri dute meteorologia agentziek: zaparrada mardulak eta ia etengabekoak, mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haize zakarra, eta 10 ºC-tik beherako tenperaturak. Elur maila 200-400 metroan kokatuko da, eta 600 metrotik gora 5 zentimetroko geruza pila daiteke; 5-20 zentimetrokoa, 1.000 metrotik gora. 

Elurragatik ezarritako alerta laranjaz gain, beste bi abisu hori egongo dira indarrean: prezipitazio iraunkorrengatik Bizkaian eta Gipuzkoan, eta itsasaldeko arriskuagatik, 5 metrorainoko olatuak tarteko. 

Elurra Gasteizen eta Iruñean

Euskalmeten arabera, elurra Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdeko txoko askotara helduko da, baita Arabara ere. Hori horrela, litekeena da Gasteiz (525 metrora dago) zuri-zuri egotea egun horretan. 

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak iragarri duenez, Elurteetarako plana aktibatuko dute datozen orduetan, larrialdi aurreko fasean. Hartara, asteazkenerako elurra kentzeko baliabideak jarriko dituzte ospitale, eskola eta hiriko sarrera-irteeretan irisgarritasuna bermatzeko. 

Nafarroan, Pirinioak alerta laranjan daude gaurtik hasita —700 metrotik gora 15 zentimetroko geruza pilatzea espero dute bertan—, baina asteazkenerako orokortu egingo da. Hala, Foru Erkidegoko erdialdea (Iruñea barne) eta Kantauri isurialdea alertapean egongo dira, elurte arrisku handiagatik. Kantauri isurialdean, 10 zentimetro pila daitezke 500 metrotik gora, eta 700 metrotik aurrera, erkidegoaren erdialdean. 

Pirinioetan elurra gogotik ari duela eta, NA-137 errepidea (Belaguako mendatea, Burgi-Izaba-Frantzia lotzen dituena) itxita dago 47. kilometrotik aurrera.  

Neguko bidezaintza planak, abian

Nafarroako Gobernuak atzo jarri zuen martxan neguko bidezaintza plana, eta elurra kentzeko 28 makina egon ziren lanean. Goizaldean, ordea, 38 ibili dira errepideak garbitzen. 

Bizkaian, bestalde, bihar ekingo diote lanari, elurra kentzeko 30 makinarekin (eskura dagoenaren herena). 

Albisteak (2)