ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Urtaran, errefuxiatuak hartzeko zentroaz: "Ez da Gasteizen eta Euskadiren arreta eredua"
O. A. | EITB MEDIA
Gasteizko alkateak gaitzetsi egin du Espainiako Gobernuak "aldebakarreko erabakia" hartu izana, Arana klinika zaharra nazioarteko babeserako harrera zentro gisa erabiltzeko.
Espainiako Gobernuak Gasteizko Arana Klinikaren eraikin zaharrean egin asmo duen Nazioarteko Babeserako Harrera Zentroa ezbaian jarri dute bai euskal erakundeek eta baita alor horretan lan egiten duten elkarteek ere.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskaini dion elkarrizketa batean Gorka Urtaran Arabako Gasteizko alkateak azpimarratu du ez dagoela proiektuarekin ados "ez mamian ez forman": batetik, ez delako Gasteizen eta Euskadin errefuxiatuei edo asilo eskatzaileei ematen zaien "arreta eredua"; bestetik, Espainiako Gobernuaren "aldebakarreko" erabakia izan delako.
"Zentro mota horiek pertsonen biltegi dira eta ez dute errazten norbanako horiek gizartean integratzea", adierazi du. Horren aurrean, Euskadik eredu dimentsionatuagoak, plan indibidualizatuagoak planteatzen dituela azpimarratu du.
Edozein kasutan, Gorka Urtaranek argi utzi nahi izan du Gasteiz "harrera eta elkartasun hiria" dela.
Era berean, Gasteizko alkateak espero du erakundeen eta elkarteen jarrerak Espainiako Gobernuaren erabakia aldaraztea.