EGURALDIA
San Sebastian eguna euri txikiarekin hasiko da, baina atertzera egingo du
O. A. | EITB MEDIA
Gauerdian eta goizaldean egingo du batez euria eta arratsalderako atertzera egingo du. Egunaren amaieran berriro busti dezake. Tenperaturak 4 ºC eta 9 ºC-artekoak izango dira Donostian, eta hiru bat gradu baxuagoak Azpeitian.
Euri eta elur denboraleak baretzera egingo badu ere, San Sebastian egunez aterkiak beharko dira oraindik ere. EITBko meteorologia zerbitzuaren arabera, gauerdian eta goizaldean euri apur bat egin dezake, baina egunak aurrera egin ahala atertzera egingo du. Dena dela, gauean baliteke berriro zertxobait bustitzea. Halaber, tenperatura maximoek koska pare bat egingo dute behera.
Donostian tenperatura maximoak 4 ºC eta 9 ºC-artekoak izango dira, eta 0 ºC eta 6 ºC artekoak, berriz, Azpeitian.
Donostian eta Azpeitian ez ezik, San Sebastian eguna ospatzen dute Lakuntzan eta Tafallan ere. Lakuntzan gauerdian eta goizaldean euria egingo du, baina goizean atertzera egingo du eta, oro har, egun lehorra izango da. Tenperaturak 0 ºC eta 5 ºC artekoak izango dira. Tafallan, gauerdian zertxobait busti baldin badezake ere, orokorrean ostarteak nagusituko dira zeruan. Tenperaturak, ostera, 3 ºC eta 8 ºC-ren bueltan kokatuko dira.
Araba erdialdean, Ebro ibarrean, Gipuzkoa barnealdean eta Bizkaia barnealdean elurrari dagokion abisu horia indarrean egongo da 03:00etatik 18:00etara. Nafarroan, berriz, euriari dagokion abisu horia gauerdian amaituko da.