Danborrada
Euriak ez du danbor-hotsa isiltzea lortu bi urteko geldialdiaren ondotik: Gora San Sebastian Eguna!
EITB MEDIA
Azken orduetan begirada guztiak eguraldian jarrita izan badira ere, ez hotzak ez euriak ez dute danborrak eta upelak jotzeko gogoa gelditu, batez ere bi urteko geldialdi behartuaren ondotik. Inoizko danborradarik jendetsuena da aurtengoa.
Danbor eta upel hotsak nagusi dira berriro ere San Sebastian Egunean. Azken orduetan begirada guztiak eguraldian jarrita izan badira ere, ez hotzak ez euriak ez dute danborrak eta upelak jotzeko gogoa gelditu, batez ere bi urteko geldialdi behartuaren ondotik.
00:00etan puntuan, Konstituzio Plazan ohikoa den Banderaren Igoerarekin eta Raimundo Sarriegiren martxaren doinuekin hasi da 2023ko Danborrada, donostiar askorentzat urteko egunik garrantzitsuena. Jaia bertatik bizitzerik ezin duenak aurten ere abagunea du Internet bidez zuzenean jarraitzeko, eitb.eus atarian.
Elkarte gastronomikoetako bazkide hainbatek, eta familia askok, baina, ordu batzuk lehenago hasi dute jaia, San Sebastian bezperako afari tradizionalarekin.
Inoizko San Sebastian egunik jendetsuena da. Guztira 158 danborradak hartuko dute parte Gipuzkoako hiriburuko auzoetan zehar egingo diren danborradetan, horietako zazpi berriak. Danborrada mistoak % 94,30a izango dira; gizonezkoenak, berriz, % 5 dira. Emakumeek osatutako danborrada bakarra irtengo da.
Danborradetan parte hartuko duten 20.411 pertsonetatik, 9.181 emakumeak dira (% 45), eta 11 228 gizonak (% 55). 2020an 19 004 pertsonak parte hartu zuten, % 42,72 emakumeak eta % 57,28 gizonak.
Gaur egingo den Haur Danborradan, berriz, 41 eskolatako 4.731 haurrek desfilatuko dute Donostiako kaleetan zehar, Sarriegiko Martxaren doinuekin. Desfilea 12:00etan hasiko da Alderdi Ederretik. Euria eginez gero, haurren danborrada igandean egingo da, baina erabaki hori gaur bertan hartuko du Udalak.
Haur danborrada 2023
Danbor hotsak beste herri batzuetan
San Sebastian eguna ez da Gipuzkoako hiriburuan bakarrik ospatzen. Azpeitiak, Lakuntzak eta Tafallak ere egun handiak dituzte aurretik, egitarau zabalarekin. Azpeitian helduen danborradarekin hasi da festa gauerdian.
Goizean, eguraldiak laguntzen badu bederen, haur danborrada egingo da. Berrikuntza gisa, Pantxoa eta Peioren "Batasuna" pieza jo dute da lehen aldiz danborradan.
Lakuntzan eta Tafallan ere ospakizunak dira, eta Lakuntzara zein Tafallara danborradak itzuliko dira.