Itxi

Istripua Patagonian

Espainiako Mendi Kirolen Federazioa: "Ez dago bi mendizaleak bizirik aurkitzeko itxaropenik"

EITB MEdia

Leer en Castellano

Bilaketa-lanak ez dira hasi ere egin, inguru horretan arrisku handia dagoelako. Desagertutakoak Iker Bilbao (Durangokoa da, baina Abadiñon du bizitokia) eta Amaia Agirre gasteiztarra dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Espainiako Mendi Kirolen Federazioak esan du ez dagoela Patagonian desagertutako bi euskal mendizaleak "bizirik aurkitzeko itxaropenik". Bilaketa-lanak ez dira hasi ere egin, inguru horretan arrisku handia dagoelako, EITBk jakin izan duenez. El Chalteneko Laguntza Batzordeak ere uste du ez dagoela bizirik aurkitzeko itxaropenik eta ez dagoela segurtasun-baldintzarik. Desagertutakoak Iker Bilbao (Durangokoa da, baina Abadiñon du bizitokia) eta Amaia Agirre gasteiztarra dira.

Bahia Blancako Kontsulatu Nagusiak eta Buenos Aireseko Enbaxadak "kasuaren berri dute eta kudeaketak egiten ari dira", Atzerri Ministerioko iturriek baieztatu dutenez.

Antza denez, atzo desagertu ziren biak, Fitz Roy menditik jaisten ari zirela elur-jausi batek harrapatu eta gero. Haiekin zihoan Igorreko mendizale batek eman du desagerpenaren berri.

Hirurak eskarmentu handiko mendizaleak dira. Eguraldia oso txarra dute inguruan, eta ez da erreskaterik egitea aurreikusten.

Amaia Agirre gasteiztarra, Iker Bilbao durangarra eta Josu Linaza igorreztarra soka berean zihoazen elur-jausiak harrapatu zituenean. Hirurak profesionalak eta federatuak dira. EITB Mediak jakin duenez, Josu da luizitik salbu atera den bakarra da, zauririk gabe. Berak eman zuen abisua.

Durangoko Udalak dagoeneko adierazi du kezka duela herriko bizilagunaren desagerpenarekin. Gainerako udalek, federazio eta elkarteek oraingoz ez dute adierazpenik egin.

Fitz Roy edo Chalten 3.405 metroko mendia da, Hego Patagoniako izotz-eremuaren ekialdean dago, Argentina eta Txile arteko mugan, Patagonian, El Chalten hiribildutik gertu. Patagoniako hegoaldeko izotz-eremuko nunatake handienetako baten parte da.

Andeetako erraldoien garaieraren erdira iristen ez den altuera izan arren, mendiak "zailtasun handiko" ospea du: lauza ia bertikal, leundu eta irristakorrez osatutako hedadura handiak ditu, eta horien gainean indar handiko haizeak etengabe, eskalatzaileak trebetasun tekniko handiagoa behar duelarik.

Gainera, eskualdeko klima oso makurra eta ezegonkorra da.

Iker eta Eneko Pou anaiek Fitz Roy frantziar-argentinar bidetik eskalatu zuten 2015ean, '7 Pareta 7 Kontinente' proiektuaren baitan. Hain zuzen ere, kirolari arabarrek bi bide zabaldu dituzte bertan.

Mapa: Google Maps

Bideoak (2)