ELKARRETARATZEA
Ehunka lagun bildu dira Zornotzan, behar bereziak dituen gazte bati egiten dioten jazarpena salatzeko
T.S.J.B. | EITB MEDIA
18 urteko gazteak gutxienez lau urte daramatza 12-14 urte bitarteko hainbat umeren partetik irainak eta umiliazioak jasaten. Udalerriko ikastetxeei eta Udalari esku hartzeko eskatu die familiak, "beste gazte guztiek bezala, kaletik aske ibili ahal izateko".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ehunka lagun bildu dira gaur eguerdian Zornotzako Udaletxe aurrean, hezkuntza premia bereziak dituen gazte bati egiten dioten jazarpena salatzeko eta mutilari zein haren famiiari elkartasuna adierazteko. Adin guztietako jendea bildu da "Jazarpenaren aurrean ez begiratu beste aldera" zihoen pankartaren atzeran. "Stop Bullying" leloa ere ikusi ahal izan da.
18 urteko gazteak AGNH du (Arreta Gabeziaren Nahastea Hiperaktibitatearekin), eta gutxienez lau urte daramatza 12-14 urteko hainbat umeren irainak, jazarpena eta umiliazioak jasaten, udalerriko kaleetatik paseatzen dabilenean, eta horrek aztoramendu eta antsietate handia eragiten dio.
Azken jazarpena joan den asteburuan sufritu zuen. Orduan 30 bat gaztek osatutako talde bat atzetik joan zitzaion, eta bere ama zegoen taberna batean ezkutatu behar izan zuen gazteak. Amari ere irainak bota zizkioten.
"Beste gazte guztiek bezala, kaletik aske ibiltzeko" eskubidea aldarrikatu du gaztearen amak. Hori dela eta, udalerriko ikastetxeei eta Udalari esku hartzeko eskatu die, neurotipikoak ez diren pertsonekiko enpatia eta errespetua adingabeekin landu ditzaten. Aste honetan bertan, ikastetxe batek eta Udalak agiri bana kaleratu zuten esanez dagoeneko ikasleekin lanean dabiltzala baloreetan hazteko helburuz.
Elkarretaratzeko pankarta. Argazkia: EITB Media
Gaurko protestan Janire Zarraga ere izan da, biktimaren amaren laguna. "Edonork pairatu dezake jazarpena eta bullyinga", ohartarazi du (izan ere, berak ere sufritu zuen txikitan), eta "lau urte etxetik atera gabe" dabilen gazteak behin betikoz atsedena hartuko duen itxaropena azaldu du.
Haren esanetan, gaztearen ama "kementsua" da, eta igande honetan auzokideek emandako erantzunagatik poztu da. "Onartezina da talentu handiko gazte hori horrela sufritzen izatea, bidegabea da oso, gelditu behar dugu", ondorioztatu du.
Bestalde, Andra Mari ikastolako zuzendaria ere elkarretaratzean izan da, eta konponbide bat bilatzearen alde azaldu da.
Gazte horrek pairatutako irainak herria sumindu du, eta familiari babes osoa erakutsi diote herritarrek. Hala, udaletxeko plazatik "patatara" joan dira manifestazioan eta bertan amaiera eman diote mobilizazioari.
Kontzentrazioa amaitu den gunea. Argazkia: EITB Media