Tragedia Patagonian
Patagoniako elur jausitik bizirik atera zen gazteak astebete itxaron beharko du gutxienez etxera itzultzeko
M. D. | EITB Media
30 urteko igorreztarra onik dago, baina lur jota bere bi lagunen heriotzagatik. Fitz Roy mendia jaisten ari zirela hil ziren, Argentinan.
Argentinako Patagonian izandako elur jausitik bizirik atera den Igorreko (Bizkaia) gaztea astebete barru itzuliko da Euskal Herrira, oraindik eguraldia hobetzeko zain jarraitzen baitu.. Istripuan bere lagun Amaia Agirre eta Iker Bilbao hil ziren.
Pedro Cifuentes alpinistak EITB Mediari azaldu dionez, 30 urteko gizona onik dago, baina bere lankideen heriotzak jota. Eguraldiaren eta lurraren baldintza arriskutsuengatik gorpuen bila ez joatea erabaki zuen erreskate taldearen bileran parte hartu zuen Cifuentesek.
Azaldu duenez, hildakoak erori ziren arrakala, Fitz Roy mendian, elur jausi guztiak "botatzen" dituen tokia da. Inguru arriskutsua da.
Agirre eta Bilbaoren gorpuen bila ez ateratzeko erabakia ere azaldu du: "Erabakia nahiko zaila izan zen mundu guztiarentzat. Baldintzak oso txarrak ziren, jakinda ordu asko igaro zirela desagertu zenetik, eta bizirik zegoen jendearen bizitza jokoan jartzen ari zela".
Egun batzuetan ofizialki desagertuta egon ostean, Argentinako agintariek bi alpinisten heriotza egiaztatu dute gaur, Iñigo Urkullu lehendakariak jakitera eman duenez. Heriotzaren ziurtagiria sinatu da, eta "Argentinako Kantzelaritzari dagokio orain dagozkion izapideak betetzea.