Itxi

Eguraldia

Asteburuan elurra 400 metro inguruan, baina kantitate txikian

EITB Media

Leer en Castellano

Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du igande eguerdira arte, 1000 metrotik behera egingo duelako elurra (400-600 metro). Zaparrada txikiak espero dira, Kantauri isurialdean batez ere, eta barnealdean izotza egingo du.

Bidania-Goiatz, ostegun honetan. Argazkia: Txomin Rezola Clemente.

Asteburuan hotz egingo du eta elurra maila baxuetan egingo du, nahiz eta ez den askorik botatzea espero. Giroa hezea izango da, gutxienez, igande arratsaldera arte. 

Elur-kota 400 metrora jaitsiko da ostiral honetan EAEn, eta 300 metrora larunbatean eta 400 inguruan mantenduko da igandeko lehen orduetan. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia martxan izango du igande eguerdira bitartean, elur-arriskuagatik.

Gaur giro hotza nagusituko da, prezipitazioekin batera. Euskalmeten iragarpenen arabera, elur-kota 600-800 m inguruan egongo da egunaren hasieran baina egunaren bigarren partean 400-600 m-ra jaitsiko da. Ipar-haizea ibiliko da, tarteka zakar, Ebro ibarrean batez ere. Zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da eta zaparradak botako ditu tarteka; ugariagoak izango dira Kantauri isurialdean eta mendebaldean. Gaur ere ekialdean eta hegoaldean ia ez du ezer bustiko, baina barnealdean izotz txikia egingo du, mendi inguruetan batez ere. 1000 metrora elur geruza 2-15 zentimetro inguru loditzea aurreikusten da, 0-5 zm bitartean 600 metrora eta 0 zentimetro 200 metrora. 

Larunbatean, hilak 28, elur-kota 400-600 metro inguruan egongo da, eta azken orduetan 300-500 metrora jaitsi daiteke. Zaparrada txiki eta ertainak egingo ditu, sarriagoak eta ugariagoak Kantauri isurialdean. Barnealdean izotza egingo du, bereziki mendi inguruetan. 1000 metrora elur geruza 2-10 zentimetro inguru loditzea aurreikusten da, 0-5 zm bitartean 600 metrora eta 0 zentimetro 200 metrora.

Igandean tenperaturek hondoa joko dute. Elur-kota 200-300 m-koa izan daiteke goizaldean, eta egunean zehar 800-1000 m-ra igo daiteke. Tenperatura maximoak 1 eta 7 ºC artean geratuko dira lurraldearen zati handi batean, eta barnealdean izotza egin dezake. 1000 metrora elur geruza 0-5 zentimetro inguru loditzea aurreikusten da, 0-2 zm bitartean 600 metrora eta 0 zentimetro 200 metrora.

Iparraldeko haizea ibiliko da, hodei ugari izango da eta euria egingo du goizean, iparraldean eta mendebaldean bereziki. Arratsaldean atertzea espero da eta ostarteak irekiko dira, ekialdean eta barnealdean bereziki. Ebro ibarrean giro eguzkitsua izango dugu, oro har.