Itxi

Itsas Salbamendua

Aita Mari ontzia berriro Meditarraneoan itsasoratzeko prest, horretarako baimena jaso ondoren

EITB Media

Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen erreskate ontziak Castelloko Kapitaintzaren baimena du itxasoratzeko. Ikuskariek esan dutenez, beharrezkoak diren baldintzak betetzen ditu ontziak.

El buque de rescate Aita Mari amarrado en el puerto. Foto de archivo: EFE

Aita Mari erreskate ontzia bere bederatzigarren misioa abiatzear da. Gaur jaso du Castelloko Kapitaintzako ikuskarien baimena, eta, orain, Espainiako Gobernuaren azken ziurtagiria behar du. Okerrik ezean, aste honetan bertan jasotzea espero du azken hori Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpokoko erakundeak, eta tripulazioa azken prestaketak egiten ari da, datozen egunotan itsasoratzeko.

Iñigo Mijangos Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundeko koordinatzaileak esan duenez, ikuskapena ondo gainditu dute eta kapitzaintzaren zorion mezuak ere jaso dituzte. Azken baimena jaso orduko, eta "baldintza meteorologikoek ahalbidetzen" dutenean, "berriro itsasora bizitzak salbatzera" aterako direla esan du.

Bere azken misioan, joan den ekainean, 112 pertsona erreskatatu zituen Aita Marik Mediterraneoko uretan. EITB Media izan zen horren lekuko, Asier Sanchez kazetariak tripulazioko kideekin batera egin baitzuen bidaia, halako misio baten nondik norakoak ikus-entzuleei bertatik bertara helarazteko. Hain zuen, joan den astean estreinatu zen 'Review: Aita Mari' dokumental saila Youtube eta EiTB Nahieran plataformetan, erreskate ontziak egindako lana erakusteko. Besteak beste, Izaskun Arriaran Aita Mariko misio arduradunak eta erizainak hartu zuen parte dokumentala aurkezteko egin zen ekitaldian.

Halaber, Espainiako Itsas Kapitaintzak zabaldu dion zigor espedientearen harira izan da albiste azken egunotan Aita Mari, 2020an ontziari egindako ikuskapen batean atzemandako hainbat "irregulartasun" tarteko. 

Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak jada iragarri du alegazioak aurkeztuko dituela zigor espedientearen kontra. Aurrera egingo balu, 80.000 euro arteko isuna jaso lezake. Hasieran, isun hori milioi bat eurokoa izan zitekeela zabaldu zen.