Kargatzen...
Itxi

INDARKERIA MATXISTA

Ana Delgado, indarkeria matxistaren biktima: "Bizirik nago eta bera kartzelan. Indartsuago sentitzen naiz"

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ostegun honetan hasiko da, Iruñean, duela bi urte bere bikotekidea hiltzen saiatu zen Azagrako bizilagunaren aurkako epaiketa. Buruan eta gorputz osoan jo zuen burdinazko barra batekin, hilzorian utziz. Epaiketaren atarian, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan biktimarekin hitz egin dute.

Ana Delgado, Azagrako bizilaguna, bere ahizparekin: EITB Media

Gaur goizean, Iruñean, Santiago Martinez Azagrako bizilagunaren aurkako epaiketa hasiko da, duela bi urte bere bikotekidea, Ana Delgado, hiltzen saiatzea egotzita, buruan eta gorputz osoan burdinazko barra batekin jota. H

iltzat jo zuten, sekulako jipoia jaso ondoren, baina bizirautea lortu zuen, hori bai, ondorio izugarriekin. Delgadok justizia egingo den itxaropena du: "Bizirik nago eta bera kartzelan. Orain indartsuago sentitzen naiz".

Fiskalak 14 urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du erasotzailearentzat, eta beste 10 urteko zaintzapeko askatasuna. Gainera, 75.000 euroko kalte-ordaina eskatu du biktimarentzat.

Epaiketaren atarian, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan biktimarekin, Ana Delgadorekin, hitz egin dute; testigantza gogorra, benetan. Bi urte geroago, oraindik ere beldurrez bizi dela aitortu du. "Hil egingo zaitut, eta hortxe hilko zaitut". Horiek izan ziren erasotzailearen eskutik entzun zituen azken hitzak.

Elkarrizketan azaldu duenez, bere gelan zegoela esnatzen hasi zenean, auzoko emakume batek deitu zion telefonoz. "Bakarrik erantzun ahal izan nuen 'hil egingo nau, hil egingo nau'", adierazi du; izan ere, "goitik behera kolpatu ninduen berehala burdinazko makila batekin". Beldurra sentitzen duela baina egin ziona kontatzeko gogoz dagoela esan du.

Ana erizaina da, eta Errioxako Quel herrian egiten zuen lan. Erasoaren ondoren, ezintasun osoa eman zioten, eta une oro laguntza behar du oinarrizko eta eguneroko jarduerak egiteko. "Bizitza aldatu eta apurtu dit. Oroimenean nahasmenduak ditut, besoa gaizki daukat eta ezin dut gidatu ezta bakarrik dutxatu ere. Kalean ere oso motel ibiltzen naiz", adierazi du Delgadok. "Ni kirolaria nintzen, igeri egiten nuen, korrika", gogoratu du.

Delgadoren ahizpak ondorengoa kontatu du mikrofonoen aurrean: "Lehen ahizpa bat nuen, orain beste bat. Oso momentu txarrak bizi izan ditugu. Bizitzak hori ekarri digu". Hala, epaiketan justizia egingo den itxaropena du.

Baina, nor da erasotzailea?

Santiago Martinez Azagrako bizilaguna da, eta irakaslea da lanbidez. Biktimak adierazi du denbora zeramala banatzeko ahaleginetan, eta psikologikoki erasotzen ziola, baina ez zuela inoiz jo. "Ez zitzaidan sekula burutik pasa hilko ninduenik", adierazi du. Zenbaitetan lantokian lotan geratzen zela gogoratu du, "beldur zelako". Erasotzaileak ez zuen banandu nahi, "baina inork ez genuen uste horrelako basakeria egingo zuenik".

Egoera berean dauden emakumeei, "etxetik joateko eta laguntza eskatzeko" dei egin die. "Edozer egiteko gai dira, edozein unetan", esan du.

Bi urteren ondoren, epaiketa iritsi da. "Epaiketan onena espero dut", adierazi du, baina oso urduri eta ziurgabetasunez beteta dagoela aitortu du. "Beldur naiz berriro min emango ote didan niri eta nire familiari", adierazi du.

Aurrera begiratzeko arrazoirik ere baduela esan du. "Landara irtetearekin eta natura ikustearekin... horrek irribarrea eragiten dit. Ondo sentitzen laguntzen dit", adierazi du, eta onartu du familiaren eta bizilagunen laguntza ezinbestekoa izan dela aurrera jarraitzeko.

Audioak (1)