PSE-EEren kideen dimisioa
Errauste plantaren polemika, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan nagusi
Erredakzioa
PSE-EEk Partzuergoan dituen bi ordezkariek dimisioa iragarri dute. Denis Itxasok eta Arcadio Benitezek bihar aurkeztuko dute dimisioa "Partzuergoa hartzen ari den norabide arriskutsua" dela eta.
PSE-EEk Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan dituen bi ordezkariek dimisioa aurkeztuko dute. Horrela iragarri dute Donostian eman duten prentsaurrekoan, "partzuergoa hartzen ari den norabidea arriskutsua" dela argudiatuz eta Zubietako errausketa plantako kontratuak desegiteak dakarren "astakeriaren" parte izan nahi ez dutela esanez, izan ere, lurraldearentzat, ekonomikoki "eragin kritikoa" izan dezakeela adierazi dute.
Susana Corcuera PSE-EEko kidearekin batera mintzatu dira Denis Itxaso sozialisten Gipuzkoako Ingurugiro idazkaria eta Arcadio Benitez Debabarreneko Mankomunitateko presidentea. Azken bi hauek bihar aurkeztu dute ofizialki dimisioa. Horrekin batera, bihar, PSEk, EAJk eta PPk Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuaren aurkakozentsura mozioa erregistratuko dute.
Ildo honetan, PPri eta EAJri eskua luzatu diete sozialistek Gipuzkoan "gehiengo berriak" eratzeko, euren ustez hori baita "irtenbidea".
Itxasok eta Benitezek " printzipiozko arrazoiengatik" aurkeztuko dute dimisioa GHKko administrazio kontseiluko osteguneko bileran eta ostiraleko Partzuergoko batzarrean.
Partzuergoak 1,6 milioi euroko "galerak" pilatuko dituela salatu dute proiektua egiteko Europako Inbertsioen Bankuari eskatutako kredituagatik. Horri, proiektua idazteko erabili ziren 2,3 milioi euroak gehitu behar zaizkiola azaldu dute, baita kontratuak irabazi zituzten enpresek eska ditzaketen kalte-ordainak ere, "kontratuaren % 8, hau da, 22 milioi inguru".
Halaber, aldi baterako enpresa-elkartea osatzen duten enpresek kalte-ordainak eskatzen badituzte, partzuergoa hartzekodunen konkurtsoan sar daitekeela ohartarazi dute.