Itxi

ZALDIBARKO LUIZIAK 3 URTE

Verter Recyclingek zegokiona baino lur eremu zabalagoa erabili zuen zabortegia handitzeko, baimenik gabe

EKAITZ AGIRRE | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Astelehenean beteko dira Zaldibarko zabortegian luizia izan eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak hil zirenetik. Durangoko epaitegiaren esku dago gertatu zenaren inguruko ikerketa.

Zaldibarko zabortegiaren luizia, 2020ko otsailaren 6an. Argazkia: EFE

Astelehenean beteko dira hiru urte Zaldibarko zabortegia behera erori zenetik. Urteurrenaren atariko, Ertzaintzak Durangoko epaitegiaren esku utzitako ikerketa baten berri dakar gaur Berria egunkariak. Horren arabera, Verter Recycling enpresak zegokiona baino lur eremu zabalagoa erabili zuen Jaurlaritzaren eta Zaldibarko Udalaren baimenik gabe.

Azaroan bidali zuen ikerketa-txostena Ertzaintzak Durangoko lehen Instrukzio Epaitegira. Bertan zehazten denez, Zaldibarko zabortegiko kudeatzaileak, Verter Recyclingek, lurralde antolaketari buruzko arauak urratu zituen; bi arau gutxienez: Zaldibarko Udalak emandako irekitze eta jarduera baimena, eta Eusko Jaurlaritzak onetsitakoa.

Izatez, 137.000 metro koadroko eremua erabili zezaketen; baina 65.000 gehiago erabili zituen Verterrek, 13 futbol zelairen pareko lur-eremua. Lur zati horietako batzuk nekazaritza eta abeltzaintza jarduerako kalifikazioa zuten, eta beste batek ustiaketakoa. Verterrek hondakinak pilatzeko eta eraikin osagarriak egiteko baliatu zituenak.

Ertzaintzak lurralde antolaketaren aurkako delitu zantzuak ikusten ditu txostenean ageri denez, baina epaileari dagokio beste kausa bat ireki edo ez erabakitzea. Oraingoz, irekita dagoen auzi bakarra ingurumenaren aurkako delituaren ingurukoa da.

Astelehenean beteko dira, hain zuzen, hiru urte Zaldibarko ezbeharra gertatu zela, eta urteurrena gogoratzeko ekitaldia egingo dute bihar Zaldibar Argitu plataformak deituta, Eitzaga auzoan. Bertan, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran luizian hildako langileak omenduko dituzte.ç

Interesa dakizuke: Zaldibarko luiziaren kronologia

Albisteak (3)

Informazio gehiago (1)