Zaldibarko luizia
Zaldibarko zabortegian duela 3 urte hildako Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran gogoan hartu dituzte
EUSKADI IRRATIA | EITB MEDIA
Zaldibar Argitu plataformak deituta, Eitzaga auzoan omenaldia egin diete, eta gertatutakoa argitu dadin eskatu dute berriro ere. Egun auzi bakarra dago epaitegietan zabalik: ingurumenaren aurkako delituarena, alegia.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Duela hiru urte, Zaldibarko zabortegia behera etorrita, horren azpian harrapatutako eta hildako Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak gogoratu dituzte igande honetan Zaldibarko Eitzaga auzoan egindako ekitaldian. Zaldibar Argitu plataformak deitutako hitzordu horretan, lore-eskaintza egin dute, eta gertatutakoa argitu dadin eskatu dute berriro ere. Izan ere, auziak Durangoko epaitegian jarraitzen du, ingurumenaren aurkako delituaren ingurukoa, alegia.
Ekitaldi xumea eta hunkigarria egin diete duela hiru urte hildako beharginei. Txalapartarekin hasi eta dantza, kantua eta hitzaldiak ere izan dira. Ehunka lagun bildu dira Eitzaga auzoan, pankartekin eta eskuan krabelinak hartuta, hainbat mezu zabalduz. Eragile eta elkarte askoren babesa ere izan da ikusgai gaurko ekitaldian.
Zaldibar Argitu plataformako kideek beste behin ere errepikatu dute duela hiru urte gertatutakoa ekidin zitekeela. Batetik, enpresak bazekiela zabortegiaren egoera kaxkarra. Bestetik, agintariek egindako lanagatik oso kritiko azaldu dira.
Horrela, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen izenak oroituta, Zaldibarren gertatutakoa berriro gerta ez dadin eta erantzukizun publiko zein pribatu guztiak argitzeko aldarrikatu dute.
Auzia epaitegietan
2020ko otsailaren 6an ezbeharra gertatu ondoren, bi auzibide abiatu ziren baina, une honetan, bakarra dago zabalik: ingurumenaren aurkako delituarena, hain zuzen. Horren harira, Eusko Jaurlaritzako hiru ingurumen teknikarik ikertu gisa deklaratu beharko dute otsailaren 28an Durangoko epaitegian.
Ingurumen saileko ikuskapen taldekoak dira, eta Verter Reciclingi 2011n ingurumen baimena emateko prozeduran parte hartu zuten. Auzi horretan Verter Recyclingeko arduradunei ingurumenaren aurkako delitua eta osasun publikoaren aurkakoa leporatzen diete.
Bestalde, itxita dago bi langileen heriotzarengatik abiatu zen prozedura judiziala; zabortegiko hiru arduradunek, Fiskaltzak eta biktimen familiek akordioa egin zuten iazko irailean, zuhurtziagabekeriazko hilketa eta langileen segurtasunaren kontrako delituak onartuta.
Bi auzibide horiez gain, orain lurralde antolaketaren aurkako deliturik egin ote zen ari da ikertzen epaitegia, Ertzaintzak egindako txostena oinarri hartuta. Verter Recicling enpresak baimenik gabe, zegokiona baino lur eremu zabalagoa erabili ote zuen, alegia. Auzibidea ireki edo ez, epaileak erabakiko du.
Aurrekariak
2020ko otsailaren 6an, 16:00ak aldera, izan zen luizia Verter Recycling enpresak kudeatzen duen Zaldibarko zabortegian. Milaka tona hondakin behera etorri ziren, eta bertan lanean zeuden bi langile, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, azpian harrapatuta geratu ziren. Hainbat hilabetez bila aritu ondoren, 2020ko abuztuan aurkitu zituzten Sololuzeren gorpuaren hainbat zati. Beltranen bila jarraitu zuten hainbat hilabetez, baina 2021eko maiatzaren erdialdean bukatutzat eman zituzten lanak, Joaquin Beltranen arrastorik aurkitu gabe.