Ekologismoa
Ehizaren kontrako protestak egin dituzte animalistek Iruñean eta Donostian
agentziak | eitb media
Ehiztaria "animaliak denborapasan, lehiaketan, harrokeriagatik edo gastuak aurrezteagatik hiltzen dituen jendaila" dela esan dute elkarretaratzeetan irakurritako adierazpenean.
Dozenaka lagunek bat egin dute Iruñean eta Donostian Estatu mailan NAC Plataformak ehizaren aurka antolatu dituen mobilizazioekin, eta ehizaren amaiera aldarrikatzeaz gain, Animaliak Babesteko Legean ehizan erabiltzen dituzten txakurrak ere sartzeko eskatu dute.
Iruñean Gaztelu plazan elkartu dira animalistak, batzuk maskotekin, eta ehizan animaliak erabiltzearen aurkako mezuak eta ehiztariei animalien tokian jartzeko deiak jasotzen zituzten mezuak zabaldu dituzte, hildako animalien irudiak erakusteaz gain.
Irma Jimenez Animalien Askatasuna Nafarroa elkarteko bozeramaileak esan du NAC "antiespezista, apartidista, akonfesionala eta irabazi asmorik gabekoa" dela, eta Espainiako Estatuko 45 hiritan mobilizazioak egin dituzten 84 elkarte barne hartzen dituela.
"Europar Batasunean izugarrikeria hori praktikatzen dugun herrialde bakarra gara", adierazi du, gaurko elkarretaratzea azken 10 urteetan urtero egiten dutela gogorarazi aurretik.
Ehizaren aurkako protesta Iruñean. Argazkia: Efe
NAC Plataformak mobilizazio guztietarako prestatu duen adierazpenean, berriz, ehizarako erabiltzen dituzten txakurrek bizi duten egoera askotan penagarria dela deitoratu dute, eta ehiztariak "animaliak denborapasan, lehiaketan, harrokeriagatik edo gastuak aurrezteagatik hiltzen dituen jendaila" dela esan dute.
Era berean, ehiztariak babesten dituzten alderdien jarrera gaitzetsi dute, horien botoak politikariei "mozala" jartzen dielakoan.
Ehizaren aurkako protesta Iruñean. Argazkia: Efe