Lana
Zeintzuk dira irteera handiena duten unibertsitate-ikasketak?
EITB Media
EHUk jakitera eman duenez, eskaintzen dituen titulazioetatik 20tan okupazioa % 100ekoa da. Tartean daude Medikuntza, Biokimika, Ingeniaritza Elektrikoa edota Ingeles-Filologia. Soldata altuenak, bataz beste, Osasun Zientzietan eta titulazio teknikoetan kobratzen dira.
Euskal Herriko Unibertsitateak gaur jakitera eman duenez, eskaintzen dituen titulazioetatik 20tan % 100eko okupazio-tasa dago. Irteera handiena eskaintzen duten unibertsitate-ikasketen artean daude osasunaren arlokoak (Medikuntza, Odontologia, Erizaintza edota Farmazia, adibidez), zientzien arlokoak (Biokimika, Biologia Molekularra...); Ingeniaritzak (Elektrikoa, Elektronikoa, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza, Industria Antolakuntzaren Ingeniaritza...) eta baita Ingeles Filologia ere.
Datu hauek Lanbidek EHUko graduatuei buruz egin duen "Laneratzeari buruzko azterlana" txostenetik atera dituzte. Txostena egiteko 2018an graduatu ziren 4.464 pertsona elkarrizketatu dituzte.
Graduatu hauek kobratzen dituzten soldatei dagokionez, lanaldi osoan arituta, bataz besteko soldata hilean 1.600 eurokoa da eta 14 paga kobratzen dituzte. Jakintza arloen arabera, lan-sariak hauek dira, handienetik txikienera: Osasun Zientzietan (1.891 euro), Zientzia Teknikoetan (1.631), Gizarte Zientzietan (1.518), Ekonomia eta Lege Zientzietan (1.460 euro), Giza Zientzietan (1.443 euro) eta Zientzia Esperimentaletan (1.413 euro).
Emakumeen kasuan, lanaldi murriztuen ehunekoa handiagoa da: gizonek baino ia 5 puntu gehiago.
Txostenak azaltzen duenaren arabera, 2018an graduatu zirenen % 87ak lana zeukan ikasketa bukatu eta hiru urtera. Lan egoerari dagokionez, % 72,92k besteren kontura egiten du lan; % 3,81ek norberaren kontura; % 7,82k ikasten jarraitzen du; eta gainerakoen artean daude doktorego aurreko eta ondoko kontratuak dituztenak, langabezian daudenak, ezintasunen bat dutenak, kooperatibetako bazkideak eta abar.
Hizkuntzei dagokienez, inkestatuen % 50ek adierazi zuen egunero erabiltzen zuela euskara eta % 32k ingelesa.