TURKIA ETA SIRIAKO LURRIKARAK
Turkiako eta Siriako kaltetuei laguntzeko kanpaina abiatu du Eroskik
EITB MEDIA
Kooperatibak jakinarazi duenez, bezeroek dohaintza egin ahalko dute kutxatik igarotzean. Bildutako diru guztia Unicefen larrialdietarako funtsera bideratuko da.
Eroski kooperatibak larrialdiko laguntza kanpaina abiatu du Turkian eta Sirian izandako lurrikara sortak kaltetutako pertsonei laguntzeko. Bezeroek dohaintza egin ahalko dute kutxatik igarotzean eta bildutako zenbateko osoari kopuru bat gehituko dio Eroskik.
Banaketa taldeak jakinarazi duenez, Eroskik eta bere bezeroek emandako diru guztia Unicefen larrialdietarako funtsera bideratuko dute.
Eroskiren esanetan, "larrialdiko laguntzaren beharra" ikusita erabaki dute bezeroei ere beren ekarpena egiteko aukera ematea. Horri Eroskik egingo duen laguntza gehitu behar zaio.
"Kanpaina hau bezalako ekintzak oso garrantzitsuak dira gehien behar den tokietara ahalik eta azkarren iristeko. Ziur gaude, beste behin ere, kontsumitzaileek deialdiari erantzungo diotela", adierazi du Alejandro Martinez Berriochoa Eroskiko Osasun eta Jasangarritasun zuzendariak.
Bestalde, Marta Lopez Fesser Unicefeko Espainiako ordezkariaren arabera, une honetako lehentasuna da kaltetutako familiek eta haurrek edateko ura izatea gaixotasunak prebenitzeko.