Itxi

gipuzkoa

Zubietako erraustegiaren kutsadura araudia "ez betetzea" salatu du ikerketa batek

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Ikerketa Ekopol EHUko ikerketa taldeak egin du, GuraSOS elkartearekin lankidetzan.

Zubietako hondakin erraustegia, Donostian. Argazkia: EITB Media

EHUko Ekopol ikerketa taldeak, GuraSOS herritarren elkarteko talde juridikoarekin lankidetzan, egindako ikerketa baten arabera, Zubietako (Gipuzkoa) erraustegian 2020 eta 2021 urteetan atmosferara igorritako etengabeko isurketen neurriei buruz eskuragarri dauden erregistroen analisiak, eskura dauden beste informazio batzuekin batera, "kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko IPPC araudiaren hauste larriak" izan direla adierazten du.

Azterlan horren arabera, datuek berresten dute Zubietako erraustegia 2020ko lehen seihilekoan "probaldi" baten aterki juridikoaren pean egon zela operatibo, nahiz eta "ez zituen horretarako baldintza teknikoak eta legalak betetzen".

Hala, adierazten du 2020an eta 2021ean, plantaren bi errausketa lineak "gutxi gorabehera edukieraren % 50ean" aritu zirela, "geldialdi ugarirekin". Funtzionatzeko modu horrekin, batez beste "astean geldialdi bat baino gehiago izan zen linea bakoitzean", eta batez beste "hilean geldialdi bat, gutxienez egun natural oso bat hartzen zuena". Gainera, adierazi duenez, funtzionamendu araubide hori "Europako araudiak aldarrikatutakotik oso urrun dago".

Era berean, azaldu du 2020ko otsailetik ekainera arte, instalazioaren ingurumen baimen integratua eraginkorra izan baino lehen, instalazioak "dagoeneko ezohiko baldintzetan errausten zituela hondakinak, ez baitzituen betetzen legeak jarduera eraginkortasunez gauzatzeko eskatzen dituen aurretiazko baldintzak, hala nola IBBan aurreikusitako kutsatzaileak isurtzeko neurri zuzentzaile guztiak".

Ikerketaren arabera, datuek baieztatzen dute instalazioak ez duela "araudiak eskatzen duen kontrol automatikoko sistemarik", eta "hondakinen elikadura itxi" behar duela gehieneko isurketa balioren bat gainditzen denean.