Bederatzigarren misioa
Aita Marik 31 pertsona salbatu ditu bere lehen erreskatean, 10 haur tartean
EITB Media
Umeen artean, lau haur txiki eta hiru hilabeteko haurtxo bat zeuden. Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez, Italiak bi egunetara dagoen Civitavecchiako portuan (Erromatik gertu) eman die lehorreratzeko baimena.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aita Mari ontziak bederatzigarren misioko bere lehen erreskatea egin du: egurrezko ontzi txiki batean pilatuta eta "arrisku bizian" zeuden 31 pertsona salbatu ditu. Erreskatatutako lagunen artean, 10 ume zeuden, lau haur txiki eta hiru hilabeteko haurtxo bat tartean.
Erreskatea atzo arratsaldean egin zuen Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen ontziak. "Egurrezko ontzi txiki eta ezegonkor batean pilatuta", 31 pertsona ikusi zituzten, urduri, keinuak egiten eta laguntza eske. "Bakar batek ere ez zuen salbamendu jakarik, eta arrisku bizian zeuden guztiak", azaldu du gobernuz kanpoko erakundeak.
Taldean 10 ume zeuden, lau haur txiki eta hiru hilabeteko haurtxo bat tartean. Horrez gain, hiru emakume haurdun zihoazen. Gehienak Boli Kosta, Senegal eta Gineakoak dira.
Itsas Salbamendu Humanitarioko iturriek EITB Mediari egindako adierazpenen arabera, denak "onik" daude eta gaua "ondo igaro dute, okerren haurdunak dauden arren".
Gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez, Italiako Gobernuak Civitavecchiako portuan, Erromatik gertu, lehorreratzeko baimena eman die. Bi egun beharko dituzte hara heltzeko. Itsas Salbamendu Humanitarioaren hitzetan, "egoera horrek erreskatatutako pertsonen sufrimendua areagotuko du, hilabeteak edo urteak baitaramatzate migratzen, eta eskubideak maiz urratu dizkiete".
Horren hitzetan, Itsasoko Giza Bizitzaren Segurtasunerako Nazioarteko Hitzarmenaren (SOLAS delakoa, 1974koa) arabera, erreskate kasuetan ontzitik gertuen dagoen portuan eman beharko da lehorreratzeko baimena, onik ateratako pertsonak itsasoan ahalik eta denbora gutxien egon daitezen. Itsas Salbamendu Humanitarioak salatu du Italiako Gobernua "sistematikoki" ari dela arau hori urratzen.