Emanzipa programa
Jaurlaritzak hilean 300 euroko laguntza emango die 25-29 urteko gazteei emantzipatzeko
EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak Legebiltzarreko kontrolerako saioan iragarri duenez, neurria 2024ko lehen seihilekoan sartuko da indarrean. Helburua da EAEko gazteen emantzipatzeko batez besteko adina (30,2 urtekoa da egun) jaistea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bi urtez, hilean 300 euro emango dizkie Eusko Jaurlaritzak 25-29 urteko gazteei gurasoen etxetik irten eta emantzipa daitezen, Iñigo Urkullu lehendakariak gaurko kontrolerako saioan iragarri duenez.
ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Emantzipaziorako laguntzaren gakoak: nork eta noiz eskatu ditzake?
Urkulluk gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gazteak 30,2 urterekin emantzipatzen dira gaur egun, Europan baino bost urte geroago. Hain justu, Emanzipa programa batez besteko adin hori jaistea du helburu, 28 urtetik behera.
Lehendakariaren esanetan, laster hasiko dira dekretua izapidetzen, eta 2023ko azken txanpan edo 2024 hasieran onartuko dute. Hala, espero da 2024ko lehen seihilekoan sartzea indarrean.
Dirulaguntza hori jasotzeko honako baldintzak bete beharko dituzte eskatzaileek: 28.000 euro beherako diru-sarrerak edukitzea, EAEn erroldatuta egotea eskaera egin aurreko urtean eta azken 10 urteetan gutxienez hiru urteko errolda agiria, eta alokairuko edo etxebizitza libre baten erosketa kontratua izatea (betiere ohiko etxebizitza izango dena). Kontrara, Babes Ofizialeko Etxebizitza bat dutenek, izan alokairuan zein jabetzan, ezingo dute laguntza eskatu. Gaztelagun programaren onuradunek (alokairua sustatzeko laguntza publikoak), ordea, bai. Azkenik, diru-sarrerak bermatzeko errentaren edo bizitzeko gutxieneko bitarteko diru-sarreren onuradunei, diru-sarrera gisa kontatuko zaie laguntza.
Urkulluk nabarmendu duenez, "emantzipazioa hasteko edo sendotzeko bultzada beharrezkoagoa denean", hots, 25 eta 29 urte artean, emango dute laguntza. Amaitzeko, gazteen emantzipazioak adostasunik zabalena merezi duela erantsi du lehendakariak: "Herri-ituna gazteriarekin eta gazteriaren alde".