Osasuna
10.000 plasma-emaile behar dira Euskadin, gaixo askok "B planik ez dutelako"
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Lehen Mailako Defizit Immunitarioen Espainiako Elkarteak eta Osakidetzak plasma-emaile kopurua handitzeko kanpainak abiatu dituzte. Egun, plasma eman daiteke Galdakaon, Durangon, Gasteizen, Bilbon, Donostian eta laster, Azkoitian eta Arrasaten.
Lehen Mailako Defizit Immunitarioen Espainiako Elkarteak (Aedip) EAEko herritarrei dei egin die Euskadin 10.000 plasma-emaile lortu ahal izateko, haren esanetan, "bizitza ematea baita, immunoeskasiak pairatzen dituzten gaixoek odolaren osagai horrekiko erabateko menpekotasuna dutelako, hau da, "B planik ez dutela".
Carlos Jimenez Aedipeko presidenteak eta Imanol Garcia elkartearen EAEko presidenteak ohartarazi dutenez, gaixo hauek bizi duten egoera larria da, eta funtsezkoa da plasma-emaile kopurua handitzea. Immunoeskasien kasuan "ez dago ordezkapen terapeutikorik, eta plasmarekiko menpekotasuna dute, ezin dutelako beste sendagairik erabili".
Aedipeko ordezkariak azaldu dutenez, plasma-emaile kopuru hori handitzeko helburuz, kanpainak ere abiatu ditu Osakidetzak. "10.000 plasma-emaile inguru behar lituzke Euskadik", zehaztu dute. "Ezin dugu AEBetatik egindako inportazio masiboekin jarraitu", azpimarratu dute.
Plasma emateko gune berriak Azkoitian eta Arrasaten
"Osakidetzarentzat lehentasunezkoa da plasma-ematea, eta plasma jasotzeko puntu berriak antolatzen ari da Azkoitian eta Arrasaten", azaldu dute, "horiek lehenengoak, baina gehiago egongo dira". Egun, plasma eman daiteke Galdakaoko Ospitalean, Durangon, Gasteizen, Bilboko Etxaniz Suhiltzailearen Osasun Zentroan, Donostian eta laster, Azkoitian eta Arrasaten.
Zelan eman daiteke plasma?
Euskadiko Odol Emaileen elkartearen arabera, likido gardena plasma, eta odolaren bolumen osoaren % 55a. 70 kiloko pertsona batek 5 odol litro inguru ditu eta horietatik 3 plasma dira.
Plasman odol-zelulak aurki ditzakegu: globulu gorriak, globulu zuriak eta plaketak. Bere osaketaren % 90 ura da, gehi gatz mineralak eta proteina asko, zeinek gure organismoaren funtzionamendu ona zaintzen duten.
Plasma baino ez ematean, hau da, "plasmaferesia" egitean, odola erauzten da, banatzaile zelular baten bidez odol-zelulak banatzen dira, plasma gordetzen da eta gainerakoa bide beretik emaileari itzultzen zaio.
Donazioak 40-50 minutu iraungo du. Plasma gehien bat ura denez, emailearen suspertzea oso azkarra da, hori dela eta sarriago eman dezake. Hilabetero eman dezakezu plasma. Plasma eman dezakezu 18 eta 65 urte bitartekoa bazara, 60 kg baino gehiago pisatzen baduzu eta osasuntsu bazaude.
Ikusi hemen non eman daitekeen plasma.