Lapurdi
Ikastetxeek minutu bateko isilunea egingo dute gaur Donibane Lohizunen eraildako irakaslearen omenez
EITB Media
Frantziako Estatuko ikastetxe guztiek minutu bateko isilunea egingo dute 15:00etan. Gainera, Jerome Bourrier Baionako fiskalak ikerketaren xehetasun gehiago emango ditu gaur, osteguna.
16 urteko ikasle batek labanaz sastatu zuen atzo, asteazkena, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) lizeo pribatu batean 50 urte inguruko bere gaztelerazko irakaslea. Gaur, osteguna, minutu bateko isilunea egingo dute Frantziako Estatuko ikastetxe guztietan, 15:00etan.
Bestalde, Jerome Bourrier Baionako fiskalak ikerketaren xehetasun gehiago emango ditu gaur, osteguna. Atzo ikerketa ireki zuen, hilketagatik.
Gertakariak 10:00ak baino lehentxeago jazo ziren irakaskuntza katolikoko ikastetxe pribatu batean, San Tomas Akinokoa lizeoan. Eskola erdian, ikaslea (arazo psikiatrikoak omen ditu) altxatu egin zen, gelako atea giltzaz itxi zuen eta arbelaren ondoan zegoen irakaslearengana joan zen.
Ikasleen testigantzen arabera, paper artean ezkutatuta zuen 10 zentimetro inguruko objektu zorrotz bat atera zuen eta sabelean sartu zion.
Gainerako ikasleak gelatik ihes egiten saiatu ziren, egilea inguruan babesten zen bitartean. Beste irakasle batek arma odoleztatua emateko konbentzitu zuen. Jendarmeak iritsi aurretik, nerabeak irakasle horri azaldu zion ahotsak entzun zituelako egin ziola eraso.
Hiltzailea atxilotu, eta Jendarmeriaren egoitzara eraman zuten. BFMTV katearen arabera, gazteak nota onak zituen, ez zen bereziki problematikoa eta ez zuen aurrekaririk.
Emmanuel Macron, Frantziako Gobernuko presidentea, minduta agertu zen atzo hilketagatik. Frantziako Gobernuko bozeramaileak, Olivier Veranek, mezu bat bidali zion "hezkuntza komunitate osoari". Era berean, Pape Ndiaye Hezkuntza ministroa gertakariak izan ziren lekura joan zen, eta kaltetutako guztiei elkartasuna adierazi zien.