AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Pablo Ibarren defentsak biziarteko kartzela baliogabetzea eta epaiketa berri bat egitea eskatuko du
EITB MEDIA
Ahozko ikustaldia arratsaldean egingo da, Floridako West Palm Beach hiriko apelazio auzitegian, betiko kartzela zigorra ezarri eta hiru urtera. Aurrez, hogei urte igaro zituen heriotzaren korridorean euskal jatorria duen presoak.
Pablo Ibarren abokatuak biziarteko kartzela zigorra baliogabetzea eta epaiketa berri bat egitea eskatuko du gaur, asteartea, Floridako West Palm Beach hiriko apelazio auzitegian egingo den ahozko ikustaldian.
Epaimahaiak errudun jo zuen euskal jatorriko presoa, Casimir Sucharski, Sharon Anderson eta Marie Rogers hil, eta lapurreta eta armak erabiliz lapurreta egin izana egotzita.
"Frogak eta 2018an eta 2019an epaitu zuten auzitegiaren erabakiak aztertu ondoren espero dut esatea Pablok ez zuela epaiketa justua izan", adierazi du Joe Nascimentok Pablo Ibarren abokatuak Pablo Ibar-Juicio Justo elkarteari bidalitako mezu batean.
Ahozko ikustaldia 14:00etan hasiko da (Euskal Herrian 20:00ak direnean), eta bideokonferentziaz egingo da. Beraz, Ibarren abokatua eta Fiskaltzaren ordezkaria ez dira bertan izango.
Ibarren letraduak 20 minutu izango ditu epaiketa berri bat egiteko arrazoiak azaltzeko. Ondoren, Fiskaltzak hitz egin ahalko du epaileen artean sor daitezkeen zalantzak argitzeko. Amaitzeko, defentsa abokatuak hartuko du berriro hitza.
Behin ikustaldia amaituta, eztabaidarako tartea irekiko da epaimahaiko kideen artean. Fase hori hainbat hilabetez luza daiteke, eta urtebetera ere hel liteke. Apelazioak aurrera egin ezean, defentsak Floridako Auzitegi Gorenera joko du.